IV. Sagardo Forumeko bigarren eguneko jardunaldi teknikoak sagardogintzari eta esperientzia turistikoetara bideratutakoak izan ziren. Hilaren 19an, ostiralean, izan zuten lekua Astigarragako Erribera Kulturgunean, eta herrialde desberdinetako hamarnaka pertsona bildu zituzten bertan eskaini ziren hitzaldiek. Moderatzaile lanetan Mikel Garaizabal sommelierra eta sagardoaren kulturaren dibulgatzailea aritu zen.
Erriberako Kulturgunean hitza hartu zuen lehenengoa Juan Luis Garcia izan zen, Casa Marcialeko sommelierra. Honek, sagardoak goi mailako sukaldaritzan dituen posizionamenduaren gakoak azaldu zituen. “Casa Marcialen, ez diogu sagardoari lekuko ikuspuntu batetik begiratzen; mundu mailako ikuspuntu batetik baizik”, aitortu zuen Garciak.
Juan Carlos Lopez de Lacalle Artadi Upategietako arduradunak hartu zuen hitza gero upategietako salmenta argudioak azaltzeko. Lopez de Lacalleren hitzetan “Merkatua balio ukiezinekin konkistatu behar dugu, batzuetan ahaztu egiten baitzaizkigu: historia, Km0, natura, sustraitzea, jatorriak, paisaia, herritarrak… Balio horiek aukera paregabea emango digute balorea duen mezu bat eraikitzeko”.
Atsedenaldia eta gero, Michelle Foik Chicagoko Eris sagardotegiko arduraduna jardun zen oholtza gainean sagardoa HORECA eta Retail-era bideratzeko aukerak azalduz. “Gure erronka Erisen, bezeroak edari berriak probatzera animatzea da sagardoaren munduan heziz. Askok sorpresa hartzen dute”, azaldu zuen Foikek.
Jarraian, Rainer Brusisen txanda izan zen, Innova Managementeko aholkularia. Upategien bilakaera pandemia garaian izan zen Brusisek jorratu zuen gaia. Azkenik, Cavas Llopart: Enoturismoko arrakasta kasua Penedeseko familia-upategian azaldu zuen bertako arduraduna den Cristina Solerrek. Jardunaldi teknikoak amaitzeko, 2022ko sagardotegi denboraldiaz eta zereginez hitz egiteko tartea ireki zen bertaratu ziren guztiek artean.