Skip to main content

Sagardo berria dastatzeko aukera izango dugu Sagardotegi Denboraldi honetan Sagardotegietan!

Ez ohiko egoera bati aurre egiteko erronka eta konpromisoa hartu du sektoreak, lanerako protokolo zehatzak garatu eta sagardo berria eta sagardotegiko esperientzia bezeroei modu erakargarri batean dastatzera emateko.

Egoerak behartuta, sagardoak %10-%20 arteko igoera izango du bataz beste.

Euskal Sagardoaren barruan 3,5 milioi litro egin dira, bertako 250 sagastietako 5 milioi kilo sagar erabilita.

Sagardo sektoreak elkarrekin egindako bidea eta lana izan da gaur aurkeztu duguna, egoera zail honen aurrean eta muga guztien aurrean lanerako gogoa, ilusioa eta pasioa elkartuta. Gaur, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagardogile guztien ordezkaritzan deitu dugu prentsaurreko hau eta horretarako Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako ordezkariak ez ezik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteen, eta sagargile elkarteen ordezkariak etorri gara. Sagardogileek ostiral honetan hasi eta pixkanaka beren ateak irekiko dituzte denboraldian zehar.

Berezia da sagardozaleei eta bezero guztiei begira, sagardoaz gozatzeko formatu berezi bat eskaintzen duelako, formatu soziala, lagun artean bizitzekoa, urteko sasoi batekin lotzen dena, egutegian markatzen duguna.

Denboraldi berezia, sagardo berria dastatzen dugulako, egoerak bultzata, protokolo bereziak osatuta.

Sagardotegi Denboraldia berezia da sagardogileontzat ere, sagardo berria jendeari azaltzeko balio duelako. Aukera paregabea da sagardogintzaren, sagardogileon eta, oro har, sagardoaren sustapena egiteko.

Pasioa eta ilusioa: sagardo berria dastatzeko garaia iritsi da!

Urtebete igaro da joan den urtarrilean egoera ezegonkor baten menpe Denboraldiari hasiera eman genionetik. Ordutik, hainbat arau eta egoerari aurre egin behar izan dio sektoreak, eta espazio seguru, erakargarri eta erosoak sortzeko konpromisoa izan da bere lanerako bidea. Sagardotegi garaiak duen adierazgarri nagusia Sagardo Berria dastatzea da, otordu eder baten bueltan. Sagardotegi denboraldia merezi dugulako, sagardo berria dastatzea merezi dugulako ekingo diogu gogoz 2022ko Sagardotegi Denboraldi berriari.

Nolakoa izango da 2022ko Sagardotegi denboraldia?

Urtarrilaren 28ra bitartean, Eusko Jaurlaritzaren Dekretuak irauten duen bitartean, Sagardogileek mahaira ekarriko dute sagardo berria, pitxer edo botila gardenetan eta bakoitza bere txarteltxo edota azalpenarekin. Txartel bakoitzean egongo da kupelaren zenbakia, bezeroak aldioro jakin dezan zein sagardo ari den dastatzen. Txarteltxo horrek QR kodea ere izango du, sagardoaren informazio gehiago jaso ahal izateko.

Otorduan zehar, pitxarra betetzera ere altxa daiteke mahai bakoitzeko arduraduna, eta sagardogilearen laguntzarekin beteko du taldeak dastatu nahi duen edo sagardogileak gomendatzen duen kupeleko sagardoa.

Protokolo hau garatu zen lehen unetik dekretu eta arautegi berrien arabera egokituz joan gara, baina beti oinarri bera errespetatuta: Sagardoa dastatzean eta sagardotegiko esperientzian segurtasuna bermatzea. Iaz bezala, denboraldi hasiera honetan, uzta berria mahaian dastatuko da.

Sagardotegiak espazio zabalak dira, eta aukera handia ematen digute distantziak errespetatu eta sagardotegiko esperientziaz modu erosoan gozatzeko.

Sagardotegiaz gozatzeko hainbat bide eta modu

Sagardotegietan otorduaz aparte hainbat ekintza egiteko aukera dugu. Berrikuntza moduan 2022ko Sagardotegi Denboraldian Sagardo Dastatze Gidatuak eskainiko ditugu otorduaren aurretik, zenbait sagardotegitan. Beste hainbat bisita eta produktu eskaintzeaz gain, dastatze gidatua bezalako produktuak eskatu dizkigu joan den urteotan bertako bezeroak, eta hori dela eta hartu da hemendik aurrera hori eskaintzeko erabakia. Aukera aparta baita Sagardogilearen eskutik produktuaren berezitasunak jasotzeko.

Horretaz gain, bezeroari erraztasunak emate aldera, Euskal Sagardoen online denda eta Sagardotegietan otordua egiteko erreserba sistema ere martxan ditugu sektorean. Online dendaren bereizgarri nagusia sagardo desberdinen konbinazioak osatzea da, laurogeita hamar sagardo baino gehiago ditugu eta dendan, jendeak eskatu eta etxean jaso ahal izango dituenak. Sagardotegian automatikoki mahaia erreserbatzeko aukera ere ematen du sagardoa.eus webguneak: sagardotegia aukeratu, mahaikide kopurua jarri, aurrerapena ordaindu eta klik batean mahaia erreserbatuta gelditzen da! Deirik egin edo emailik bidali gabe. Sistema honek joan den urteotan arrakasta handia izango du gure bezeroen artean, eta aurten sagardotegi gehiago automatikoki erreserbatzeko aukera izango da!

%10-%20 arteko igoera izango du sagardoak

Ez da urte erraza izan 2021a, ez eta 2020a ere, baina sagardo sektoreak bat eginda, oraingo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko konpromisoa hartu du. Horren adibide da 2021. Urtean sagardogile guztiek elkarrekin osatu duten Plan Estrategikoa. Plan Estrategikoa eta sektorearen bateratzea, Euskal Sagardoa Jatorri Deitura proiektuaren baitan. Bertako sagarra eta bertako ekonomia zirkularra aktibatzeko helburu argiarekin. Baita sagardoaren errentagarritasuna eta sagardotegien etorkizuna lantzekoa ere. Azken urteko igoerak medio, sagardoa %10-%20 artean igoko da bataz beste 2022 urtean. Sagarra, beira, kartoia, argindarra… guztiak egin du gora eta sagardoak ere gora egingo du ezinbestean, lehendik ere errentagarritasun baxuko produktua izaki, gaur egungo egoerara moldatzen joateko.

Bertako nekazaritza, bertako ostalaritza eta bertako banaketa sistemak uztartzen dituen eremua da sagardoa. Bertako ekonomia sustatzen du, lanpostuak eta aberastasuna bertan sortuz. Baina sagardogintzak, bideragarria izateko, eskaintzen duenaren neurriko prezio bat behar du. Sagardoari merezi duen aitortza eta balioa jarri behar zaio. Sagardoak merezi duelako. Merezi duen edari bat merezi dugu, eta lehen sektore indartsu batean oinarritutako kalitatezko edaria merezi dugu.

Uzta handia eta sagar moten garrantzia bertako sagastietan

2021a sagar urte handia izan da Euskal Herriko sagastietan kopuruz, eta sagardotegiek aukera paregabea izan dute upategian uzta eder hau baliatzeko. Euskal Sagardo desberdinak dastatzeko aukera izango du kontsumitzaileak, Euskal Sagardoak biltzen dituen sagar mota desberdinak aukeran izan baititu sektoreak. Guztira 115 sagar mota desberdin eta hauetatik 24 dira gure sagastietan gehien daudenak, gaziak eta gezak. Beraz, sagardo desberdinak dastatzeko aukera izango du sagardozaleak, sagardotegiz sagardotegi, eta kupelez kupel ere gauza bereziak probatu eta dastatzekoa. Orokorrean, iaz baino sagardo arinagoak dira aurten, lurrintsuak eta alkohol graduazio bajuxeagokoak. Uzta handiak direnean normala izan ohi dena da bestalde, eta aurtengoa inoizko uzta handiena izan da Euskal Sagardoa Jatorri Deiturarentzako. Guztira 5 milioi kilo sagar bildu dira Jatorri Deiturako 250 sagardotegietan eta 3,5 milioi litro Euskal Sagardo egin dira.

Euskal Sagardoak Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 49 sagardotegi biltzen ditu gaur egun eta 250 sagargile.

Bereizgarri moduan, zenbait sagardotegik sagar mota jakineko Euskal Sagardoak dituzte aukeran aurten: sagar mota bakarrekoak, edo bi, hiru edo lau sagar motaz egindakoak. Sagasti berrien diseinuak, hauek produkzioan sartu izanak eta sektorearen arakatzeko nahiak eragin du hau eta geroz eta gehiago izango dira sagar jakinen izen abizenak dituzten sagardoak merkatuan. Orain sagardo berri hori dastatzeko aukera paregabea dago kupeletik, mahaian. Etorri eta gozatu!