Sagardotegi denboraldia urtarrila erditik apirila bukaera arte luzatzen da, eta kupeletan egiten ari den sagardo berria dastatzeko garaia izaten da, kupeletik, izan txotxean nahiz pitxar eta botila gardenetan. Orain 70 bat urte sortutako usadioa da, sagardo kontsumoa berriz suspertzen hasi zenean, ostalari eta elkarte gastronomiko eta sagardozeleak sagardotegietara joaten hasi zirenean, gero botilaratuta erosiko zuten sagardoa kupelean aukeratzera.
Oinarri hartatik arrakasta handiko usadio bat sortu da sagardotegietan, sagardo berria dastatu eta sagardotegian bertan eskaintzen den sagardotegiko menuaren bueltan. Maiatza-ekainetik aurrera irekitzen duten sagardotegiak ere geroz eta gehiago dira, baina hemen esperientzia botilaratutako Euskal Sagardoarekin eskaintzen da.