Skip to main content

JATORRI IZENDAPENA
Historia

Euskal Sagardoa 2016ko uztarekin sortu zen. Ordutik lan handia egin da, bai sagastien eta sagardoaren kalitateari begira eta baita merkatuari begira ere. Jatorri-deitura urte askotako lanaren emaitza eta etorkizuneko apustua da, erakunde publikoek eta sagar eta sagardo sektoreak elkarlanean osatzen dutena. Euskal Sagardoa zigilua daramaten sagardoek bi ezaugarri nagusi dituzte: %100 bertako sagarrarekin eginak dira eta kalitate-bermea dute. Gaur egun Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagargile eta sagardogileek osatzen dute Euskal Sagardoa eta etorkizunerako Euskal Herriko gainerako lurraldeetako sagar eta sagardogileei zabalik dago.

Sagargileak

Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiako 248 sagar ekoizlek osatzen dute Euskal Sagardoa gaur egun eta guztira 474 hektarea sagasti daude Jatorri Deituraren barruan. Sagastien kalitatea, produktibitatea eta uzta desberdinen arteko oreka bilatzea dira sektorearen erronka nagusiak eta sagasti berri gehiago jartzea, dagoen bertako sagar eskaria asetzeko.

Sagardogileak

Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiako 48 sagardogilek osatzen dute
Euskal Sagardoa gaur egun. Bertako sagarra balorean jarrita, kalitaterik oneneko sagardoak egin eta merkaturatzea da sektorearen erronka nagusia. Urtez urte sagardogile berri gehiago ari dira Euskal Sagardoa Jatorri Deituran sartzen eta produkzioa eta salmenta gorantza doaz.

Laborategiak

Sagardoak Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako zigilua eta numerazioa izan
ditzan, sagastitik botilara arteko kontrola ez ezik, azterketa fisiko-kimiko eta organoleptikoak pasa beharra dauzka. Fraisoro laborategian egiten dira azterketok. Bera da sagardoen azterketa organoleptikoa egiteko akreditatutako lehen laborategia, hain zuzen.

Hazi fundazioa

HAZI Fundazioak ziurtatzen du Euskal Sagardoaren prozesu osoa, hasi sagastitik eta botilara arte. Sagar eta sagardo sektoreak eta euskal erakundeak batu dira proiektu berean, berme osoa duen marka publikoa guztion eskura jartzeko: EUSKAL SAGARDOA jatorri-deitura: urteetako lana eta etorkizuneko apustua. Bertako sagarra oinarri hartuta egindako kalitatezko sagardoa.