Joan den astean, Astigarragako Erribera Kulturgunean bildu ziren hamarnaka pertsona 2021ko Sagardo Forumari hasiera emateko. Nazioarteko profesionalen hitzaldien bitartez, sagardoaren munduaren gaur egungo egoera zein den eta azken urteetan izan duen garapena ezagutzeko aukera izan zen bertan.
Ostegunean, azaroaren 18an, eman zioten hasiera laugarren forum honi. Ongietorria eta irekiera instituzionala egin ostean, eguneko gaiari, sagargintzari, heldu zioten hizlariek Felix San Sebastian FRUITELeko lehendakaria moderatzaile lanetan aritu zela.
Lehenengo egun honetan, sei hizlarik hartu zuten parte. Carlos Miranda Nafarroako Unibertsitate Publikoko Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura saileko irakaslea izan zen lehena, eta Gipuzkoako sagardo sagarrondo barietateen polenaren bateragarritasuna eta bideragarritasuna izan zituen hizpide. Yves Barranco Arbus Habiliseko gerenteak hartu zuen hitza gero, eta bakanketaz eta uzten arteko orekaz hitz egin zuen. Ibarbi sagarraz hitz egin zuen gero Luis Berrondo Errezilgo Ibarbi Sagarraren Elkarteko presidenteak: “Gaur egun 137 sagasti ditugu Errezilen, 15.056 sagarrondo eta hauen %67a Ibarbi sagarra barietatekoa da. Ibarbi sagarra manipulazio genetikorik gabeko sagarra da”.
Goizaren erdialdean atsedenaldirako tartea ere izan zen. Ibarbia sagarrarekin egindako azkenburukoen dastaketa egiteko aukera egon zen bertan. Atsedenaldia eta gero, Andreu Vilak, Arreu SCCL aholkularitza-kooperatibako landa-teknikariak, sagarrondoa eta lurra sagasti ekologikoetan izan zituen ardatz. Ondoren, Angel Anocibar Abadia Retuerta upategiko zuzendari teknikoak hartu zuen hitza sagasti ekologikoetan terruñoek eta ur beharrek duten garrantziari buruz jarduteko. Eta, azkenik, sagardo sagarraren errentagarritasunaz aritu zen Daniel Exner Finca Gallinaleko gerentea.