Skip to main content

Euskal Sagardoa osatzen duten 50 sagardogileen 80 Euskal Sagardo desberdin aurkeztu dira, %100 bertako sagarraz eginak eta kalitate-bermea dutenak.

“Izaera handiko sagardoak dira eta oso lurrintsuak”

Ostalaritza eta retaileko arduradunei azaldu zaizkie sagardoak besteak beste, arduradun instituzionalek eta bestelako eragileek ere parte hartu duten ekitaldian.

Euskal Sagardoa jatorri-deiturak 2022ko uztako sagardoa aurkeztu du gaur, ekainak 26, Bilboko Euskalduna Jauregian, afalduz. Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako 50 sagardotegiek 80 produktu desberdin aurkeztu dituzte.

Euskal Sagardoa jatorri-deituraren koordinatzaile Unai Agirre eta Komunikazio Arduradun Olatz Mitxelenarekin batean Mikel Garaizabal Sumillerrak gidatu du dastatzea. Ekitaldian ostalaritzako banatzaile eta arduradunek eta retaileko arduradunek hartu dute parte, instituzioetako ordezkari eta sagardogileekin batean.

Ekitaldiaren asmoa da, Euskal Sagardoaren ezaugarriak ezagutzera ematea eta 2022ko uztaren ezaugarriak ezagutaraztea. Baina horrez gain, Bizkaiako merkatuari Euskal Sagardoak duen potentzialitatea ere azaldu nahi izan zaio.

Euskal Sagardoa osatzen duten Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 50 sagardogileen 80 sagardo aurkeztu dira, 250 sagargileren sagarrekin eginak. Uzta txikia izan da kopuruz 2022koa, baina izaera eta kalitate handikoa. Guztira, 2 milioi kilo bildu dira eta 1,2 milioi litro Euskal Sagardo egin ahal izan dira. Orokorrean izera eta gorputz handiko sagardoak dira eta lurrintsuak.

Baina sagardotegi eta sagardo bakoitzak ditu bere berezitasunak. Bide horretan, gauza bereziak merkaturatzen ari dira Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako sagardogileak azken urtetan: lursail jakineko sagardoak, sagar mota jakinekoak, kriantzakoak, egurrean paseak, amaren gainean onduak eta abar. Horien mostra bat dastatzeko aukera izan dute Euskalduna Jauregira inguratu direnek, Euskalduna Jauregiak eskainitako menuarekin batera.

Jatorri-deitura urte askotako lanaren emaitza eta etorkizuneko apustua dela nabarmendu dute sustatzaileek. Erakunde publikoek eta sagar eta sagardo sektoreak elkarlanean osatzen dute Kontseilu Arautzailea. Euskal Sagardoa zigilua daramaten sagardoek bi ezaugarri nagusi dituzte: %100 bertako sagarrarekin eginak dira eta kalitate-bermea dute. Baina hirugarren ezaugarri bat ere badute, dibertsifikaziorako aukera zabaltzen ari direla.

Euskal Sagardoa Jatorri Deitura 2016an sortu zen, eta geroztik ibilbide luzea egin du, bai sagastietan eta baita produktuaren kalitatean ere, eta nola ez dibertsifikazioan eta bere komertzializazioan.

Euskal Sagardoa jatorri-deitura
Euskal Sagardoa Jatorri Deitura gaur egungo eta etorkizunerako proiektu bat da, Euskadiko Sagargile eta Sagardogile sektoreek gidatua eta erakunde desberdinek babestua. Sagar eta sagardo sektoreari oinarri sendoak jartzea du lehen helburu, baina horrez gain, kontsumitzaileari bertakoa eta kalitatekoa den produktuaren gaineko bermeak eskaintzea ere bai. Izan ere bi oinarriren gainean eraiki da Jatorri Deitura: bertako sagarra eta kalitatea.

● Bertako sagarra: Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak bertako 106 sagar mota ditu onartuak, nagusiak hauetako 24 badira ere. Euskal Herriko sagardogintzak duen altxorretako bat dira gure sagar motak, menderik mende gure baserri eta sagastietan hobetzen joan direnak, ahalik eta sagardorik onena egiteko helburuz. Euskal Herrian sortu eta garatutako sagar motak dira, hemengo baldintzetara oso ondo egokituak eta gure Euskal Sagardoak eskatzen dituen baldintzak biltzeko egokiak.

● Kalitatea: kalitate berme guztiak eskaintzen ditu Euskal Sagardoak, sagastitik botilaraino kontrol zorrotzak ezarrita. Euskal Sagardoek botilaratu aurretik analisi fisiko kimiko eta organoleptikoak pasa beharko dituzte Fraisoro laborategian. Prozesu guztiaren kontrola HAZI Fundazioak egiten du.

Euskal Sagardoaren katalogoa
Urte luzetako lanaren emaitza da jatorri-deitura eta lan guzti horren erakusleiho izan nahi du Euskal Sagardoaren katalogoak. Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 49 sagardotegiren informazioa ikus liteke bertan eta gaur egun merkaturatzen ari diren Euskal Sagardo guztiak ere biltzen dira: erabiltzen dituzten sagarrak, sagastiei buruzko informazioa eta produktuei buruzko hainbat datu. Horrez gain, sagardotegi bakoitzarekin kontaktuan jartzeko informazioa eskaintzen da bertan, eta baita zerbitzurako eta dastaketarako oinarrizko azalpenak ere.

Katalogoa osatzen duten sagardotegiak:
● Araba: Iturrieta / Kuartango.
● Bizkaia: Axpe / Etxebarria / Laneko / Uxarte.
● Gipuzkoa: Aburuza / Ageri / Akarregi / Alorrenea / Altzueta / Altuna / Añota / Araeta / Astarbe / Barkaiztegi / Begiristain / Bereziartua / Egi-Luze / Eguzkitza / Ekain / Etxebarria / Eula / Gartziategi / Gaztañaga / Gurutzeta / Iparragirre / Ipintza / Irigoien / Iruheki / Isastegi/ Itxasburu / Izeta / Larrarte / Lizeaga / Mizpiradi / Oianume / Oiharte / Ola / Olagi / Petritegi / Saizar / Sarasola / Satxota / Tximista / Txindurri-Iturri / Urbitarte / Urdaira / Zabala / Zapiain / Zelaia.

Bizirik dagoen sektoreada sagardo sektorea eta katalogo honek ere bizia izateko helburua du, urtez urte aldatzen joango da, sagardo gama berriak, xehetasun berriak edo botila edo etiketa berriak izango baititu. Horrez gain, uzta bakoitzak ezaugarri bereziak emango dizkio Euskal Sagardoari eta hori ere biltzen du katalogoak, Euskal Sagardo bakoitzaren azalpenetan. Guzti hori bezeroarentzako tresna garrantzitsua izango da, eta sektorea bizirik eta mugimenduan dagoenaren seinale.

Katalogo hau euskalsagardoa.eus/katalogoa helbidean dago eskuragarri.

Euskal Sagardoaren historia eta bilakaera
Sagardoa Euskal Herriko edaria izan da ehundaka urteetan. Idatzi eta erreferentzia zaharrenek, bertako edari garrantzitsua izan dela adierazten dute urte luzetan ezinbestakoa elikaduran. Eta hala azaltzen dutebertako 1.800 sagar mota desberdinek ere.

XV-XVI. mendeetan izugarrizko gorakada izan zuen gainera sagardoaren kontsumoak, Euskal Herria herri industriala zelako eta jende multzo horrek sagardoa edaten zuelako. Hortik sortu ziren Tolare Baserriak, sagardoa egiteko industria erraldoiak zirenak garai hartarako. Zenbaitek diotenez, 1.000tik gora zeuden Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Iparralde eta Nafarroan. Gaur egun, lehenengo eraiki zituzten Tolare-baserri haien adibide bat geratzen da: Ezkio-Itxasoko Igartubeiti baserria.

Besteak beste, marinelen edaria ere izan da sagardoa itsasaldi luzeetan, eta sagardoa eramateko ohitura zutenez, eskorbutorik ez zuten izaten euskal marinelek.

Sagardoak beherakada izugarria izan zuen gerra ostean eta 50-60 hamarkadatan, jendea baserriak uzten joan zelako. Ondoren, zenbait sagardogilek berriz lanari heldu eta oraindik indarrean dagoen susperraldia eragin zuten.

Euskal Sagardoa jatorri-deiturak badu helburu bat: garai batean gertatzen zen moduan, berriz ere bertako sagarra izatea euskal sagardogintzaren ardatza.

Sagardoaren Historia, bilakaera eta beste hainbat ekintzaz gozatzeko Euskal Sagardoarekin lankidetzan ari da Sagardoa Route – Euskal Sagardoaren Ibilbidea. Hau da sektoreak duen Agentzia, eta eskaintza urte osoan zehar du eskuragarri, garaian garaiko ekintzak sustatuz eta lehen sektorea balorean jarriz. Hiru eskaintza mota ditu Sagardoa Routek: oporretarako eskaintza, enpresentzako eskaintza eta jaio berria den Eskolentzako eskaintza. Azken honek gorakada handia izan du urte honetan zehar, unitate didaktikoen bidez sagastiaren eta sagarraren mundua modu praktikoan ezagutzen baitute gure haurrek.