Euskal Sagardoa osatzen duten 50 sagardogileen 80 Euskal Sagardo desberdinak azaldu dira, %100 bertako sagarraz eginak eta kalitate-bermea dutenak.
“Izaera handiko sagardoak dira eta oso lurrintsuak”.
Kontseilu Arautzaileak abenduko prentsa-oharra zuzendu nahi izan du: “ekoizpen-kostuen igoera aipatu nahi genuen, eta ez produktuaren salmenta-prezioak”.
Euskal Sagardoa jatorri-deiturak 2022ko uztako sagardoa aurkeztu du gaur, ekainak 13, Hernaniko Chillida Leku museoan. Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako 50 sagardotegiek 80 produktu desberdin aurkeztu dituzte.
Euskal Sagardoa jatorri-deituraren koordinatzaile Unai Agirrerekin batera, prentsaurrekoan jatorri-deitura sustatzen duten erakunde publiko eta pribatuetako ordezkariek parte hartu dute:
-Raul Pérez de Iratxeta, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria – Director de Calidad e industria Alimentaria
-Daniel Solana, Basquetourren zuzendaria – Director de Basquetour
-Xabier Arruti, Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza Departamentuko zuzendaria – Director del departamento de Agricultura de la Diputación Foral de Gipuzkoa
-Iker Goiria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Departamentuko zuzendaria – Director del departamento de Turismo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
-Amaia Antxustegi, Iraunkortasuna eta ingurune naturala zaintzeko foru diputatua – Diputada Foral de Sostenibilidad y Medio Natural
-Arantza Atutxa, Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza departamentuko zuzendaria.
-Oihana Gaincerain, Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren Presidentea
-Unai Agirre, Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren Koordinatzailea
-Amaia Zubeldia, Sagardoa Route – Ruta de la Sidra del País Vasco
-Eta noski, eguneko protagonistak SAGAR ETA SAGARDO SEKTOREA: Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Sagargile eta Sagardogileak.
Euskal Sagardoa osatzen duten Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 50 sagardogileen 80 sagardo aurkeztu dira, 250 sagargileren sagarrekin eginak. Uzta txikia izan da kopuruz 2022koa, baina izaera eta kalitate onekoa. Guztira, 2 milioi kilo bildu dira eta 1,2 milioi litro Euskal Sagardo egin ahal izan dira. Orokorrean izera eta gorputz handiko sagardoak dira eta lurrintsua.
Baina sagardotegi eta sagardo bakoitzak ditu bere berezitasunak. Bide horretan, gauza bereziak merkaturatzen ari dira Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako sagardogileak azken urtetan: lursail jakineko sagardoak, sagar mota jakinekoak, kriantzakoak, egurrean paseak eta abar.
Jatorri-deitura urte askotako lanaren emaitza eta etorkizuneko apustua dela nabarmendu dute sustatzaileek. Erakunde publikoek eta sagar eta sagardo sektoreak elkarlanean osatzen dute Kontseilu Arautzailea eta etorkizunerako apustua. Euskal Sagardoa zigilua daramaten sagardoek bi ezaugarri nagusi dituzte: %100 bertako sagarrarekin eginak dira eta kalitate-bermea dute. Baina hirugarren ezaugarri bat ere badute, dibertsifikaziorako aukera zabaltzen ari direla.
Aurkezpena Chillida Leku museoan
Gaur aurkeztu dira 2022ko uztako sagardoak Chillida Lekun. Urtarrilaz gero, txotxean dastatu ahal izan diren sagardoak botilaratzen hasi dira sagardotegiak. Izaera handiko sagardoak dira uzta txikia izan baita 2022koa eta heldutasun handikoa. Kolorez hori ilunak dira sagardoak, gorputz handikoak, lurrintsuak eta luzera ondo eboluzionatzen dutenak.
Kukai Taldea izan da uzta berri honen aurkezpen bideoa eta dantza osatu dituen arduraduna. Haien sormen lanari esker lortu dugu sagarretik botilaraino gure produktuak bizi duena azaltzea.
Chillida Leku museoa Hernanin dago, Donostiarekin muga-mugan, Zabalaga baserriaren lurretan. Zabalaga baserria tolare baserria izan zen antzina, sagardoa egiteko sortua. Beraz, sagardogintzaren oinarrietara bueltatu gara uztaren aurkezpenean, tradizioa eta berrikuntza uztartzea baita Euskal Sagardoaren ardatza. Oinarria bertako sagarra da, eta sagardoa egiteko betiko modua, baina gaur egungo teknologia eta jakintza baliatuta.
Euskal Sagardoa Jatorri Deitura 2016an sortu zen, eta geroztik ibilbide luzea egin du, bai sagastietan eta baita prouduktuaren kalitatean ere, eta nola ez bere komertzializazioan.
Jatorri Deitura sagastitik ari da lanean, sagarra baita Euskal Sagardoaren kalitatean honen lehen ardatza. Uzten arteko oreka lortzea eta sagarraren kalitatea lantzen jarraitzea dira aurrera begirako bi helburu nagusiak. Bakanketak, interpolinizazioa, eta lurraren lanketa dira lanketa horretarako hiru zutabe nagusiak.
Dastatzea, Basatxerri produktuekin batera
Basatxerri elkartearen laguntza eta lankidetzarekin batera dastatu ahal izan dugu gaurkoan Euskal Sagardoa. Chillida Leku Museoko Lurra Kafetegiko arduradunak, Fede Pachak, azaldu dizkigu txerriki bakoitzaren berezitasunak eta Unai Agirre Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren koordinatzaileak sagardoarenak. Zoragarri ezkontzen diren bi produktu eta proiektu gaurkoan elkarrekin lanean aritu dira.
Abenduko prentsa-oharraren zuzenketa
Lehiaren Euskal Agintaritzak zehapen-espedientea ireki dio Euskal Sagardoari, 2022ko abenduan komunikabideetara bidalitako prentsa-oharrean zabaldutako mezua dela eta. Euskal Sagardoaren oharrak zioen Euskal Sagardoaren prezioen igoera % 25ekoa izango zela gutxi gorabehera, eta Lehiaren Euskal Agintaritzaren ikuspuntutik, alderdi horrek Kontseilu Arautzailearen balizko prezioen igoera isla zezakeen. Euskal Sagardoak bere asmoa Euskal Sagardoaren ekoizpen kostuak batez beste %25 igo direla iragartzea zela baieztatu du, produktuaren azken prezioan eragin nahi izan gabe. Alde horretatik, Kontseiluak berretsi egiten du lehia-eskubidea betetzeko konpromisoa eta agintariekin lankidetzan aritzeko prestasuna.
2023 sagardotegi denboraldia
Aurreko urtearekin alderatuta, orokorrean jende gehiago ibili da 2023ko txotx denboraldian, Covid19 neurrien eraginez nagusiki, indarrean izan baitziren 2022ko otsaila erdira arte. 2021arekin alderatuta, sagardogileek lanerako aukera gehiago izan dute eta bataz beste % 20 handitu dira sagardotegien erreserbak irteera, dastatze eta bisita gidatuei dagokienean. Nabarmentzekoa da garai honetan bisitek eta dastatze gidatuek izan duten eskari kopurua. Bezeroen kontsumo ohiturei dagokienean, azpimarratzekoa da joera aldaketa: eguerdiko zerbitzuak igo dira, eta gauetako zerbitzuak jaitsi. Datu hauekin sektoreak positiboki baloratzen du 2023ko denboraldia eta hurrengo urteetarako ere eskaintza egokitzen joango dira bezeroek urtero – urtero Euskal
Sagardo berria txotxean dastatzeko aukera izan dezaten eta sagardoak eskaintzen duen aukera guztia gozatu eta baliatu dezaten.
Udako esperientziak ostalaritzan eta sagardotegietan
Sagardoa Route – Euskal Sagardoaren Ibilbidea da, sagardoaren eta sagardotegiaren inguruko eskaintza garatu eta promozionatzen dituena. Euskal Sagardoaren dastatze gidatuak, Sagardotegietan bisitak, kirol eta kultur ekintzak… antolatzen ditu Sagardoa Routek eta udarari begira agenda betea du. Aurtendik aurrera ostalaritzako taberna eta jatetxeak ere eskaintza horretan sartzeko lanean ari da Sagardoa Route, Euskal Sagardoa jatorri deituraren eskutik beti ere. Euskal Sagardoaren aldeko apostua egin nahi duten establezimenduetan ekintzak eta jarduerak sortzea da helburua, Euskal Sagardoaren kultura zabaldu eta jendeari Euskal Sagardoarekin gozatzeko aukerak eskaintzeko. Informazio eta eskaintza osoa sagardoa.eus webgunean ikus liteke.