Skip to main content

Sagardoa, euskaldunon antzinako edabea.

Sagarraren jatorri geografikoari buruzko lekukotasun sinesgarririk ez dago. Hala ere, adituen artean nahikoa onarturik dago frutaren jatorria Kaukasoko lurretan aurkitzen dela. Handik Europa Erdialdera iritsi zen, bertako bazterretan Harri Aroko arrastoak ere aurkitu direlarik.

Sagardoari dagokionez, bere jatorria kristoaurreko mendeetan kokatzen duten hainbat testu daude. Adibidez, hebrearrek ‘shekar’ deitzen zioten eta greziarrek ‘sikera’. 

Euskal lurretan, ‘pitharra’ esaten zitzaion eta Estrabon geografo greziarrak I. mendean eman zuen euskaldunen sagardo ohituren lekukotasuna: uretan egositako eta eztitan nahastutako sagar zatiekin egindako edabe berezia.

 

Hainbat dira gure historian zehar sagarrondoen inguruko testigantza idatziak. Hamaika esploratzaile harritu zituen euskal lurretako sagarrondo eta sagastien ugaritasunak.

 

1.014.urtean Santxo III.ak Leireko monastegira egindako eskaintza “Hernaniko mugetan, itsaso bazterrean, San Sebastian izeneko monastegi bat eskaintzen dugu bere lur, sagarrondo eta arrantza-ontziekin”

‘Euskaldunen Herria’ gurutzatzen zuen erromes ezagun batek bertan ezin konta ahalako sagarrondo aurkitu zituela utzi zuen idatzita 1.134.urtean: “Baso itxi eta mendi garaiez beteta, bertan ez zegoen ez ardo ez jakirik; sagarra, esnea eta sagardoa soilik.”

 

1.465-67 urte bitartean León de Rosmithal de Blatna noble bohemiarrak bidaia bat egin zuen Europa osoan zehar. Ipar Euskal Herritik igarotzean, bertako sagarrondo eta sagasti kopuruak harritu egin zuten: 

“(Donibane Lohitzune) inguratzen duten mendietan hain da handia sagarren ugaritasuna, ezen ez dudan parekorik ikusi beste inon […] Horrenbeste sagarrondo landatzearen zergatia, ardorik ez izanda eta garagardoa ez ezagututa, sagarrekin edari fermentatu bat egiten dutela da.”

Veneziako enbaxadorea ere igaro zen euskal lurretatik eta bere bidaia-liburuetan gure sagardoaren inguruko konstantzia utzi zuen 1.524an: 

“Mahastien ordez, sagarrondoak landatzen dira. […] Sagarrekin sagardo deitzen duten ardo bat egiten dute, jende arruntak edaten duena, eta argia, ona eta txuria da, zapore garratzarekin. Osasuntsua da ohitzen denarentzat.”

Badaramatza sagardoak pare bat milurteko gure artean, eta geratzen zaizkionak! Beraz, egin dezagun guztiok topa Euskal Sagardoz betetako edalontzi eta kopan!