Skip to main content

Sagardoaren prozesuan, garai garrantzitsu batzuk izan ohi dira urte sasoi desberdinetan, eta oraintxe gaude horietako batean: sagarrondoen loraldi eta polinizazio garaian.

Sagar mota gehienek, beste sagar mota baten polena behar dute lorea erne eta sagar aleak emateko, eta polinizazio lan horretan ezinbestekoak dira erleak.

Erleek egingo dute polena lore batetik bestera eramateko lana eta horretarako sagar mota desbedinak beharko dira sagasti batean eta intsektu eta batez ere erleak inguruan. Esan ohi da, sagasti hektarea batek 2-3 erlauntza behar dituela polinizazio ona izan dadin. 

Erleak ezinbesteko lekua izan du gure baserrietan milaka urteetan, hain zuzen ere, eztia emateaz gain, polinizazioan ezinbestekoak direlako.  

Beraz, sagarra nahi duenak badaki, sagar mota desberdinak ondo aukeratuta landatu eta erlauntzak jarri. 

Baina intsektuek eta batez ere erleek sagastientan lana ondo egin ahal izateko, lorea behar dute eta esaera honek ondo laburbiltzen du noiz izango den lorerik onena:

“Martxoko lorea, ez balitz hobea; apirileko lorea, urrea baina hobea; eta maiatzeko lorea, eza baina hobea”.