Skip to main content

2017koa, azken urteetako uztarik emankorrena izan da herrialde guztietan eta jatorri deiturara bideratutako 4 milioi litro egin dira.

Guztira 48 sagardotegik egin dute Euskal Sagardora bideratutako sagardoa, Gipuzkoako 41ek, Bizkaiako 5ek eta Arabako 2k.

Euskal Sagardoa jatorri deituraren bigarren uzta kupeletan dago jada, eta txotx garaian dastatu ahal izango dira, Jatorri Deiturara bideratutako sagardo desberdinak. Uzta historikoa izan da kopuruz, eta aurreratua, heldutasunari dagokionean. Hori dela eta, sagardoak nahiko aurreratuak daude sagardotegi askotan.

Euskal Sagardoa jatorri deiturak Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagastiak eta sagardogileak biltzen ditu eta beraz, tokiaren eta sagar moten arabera aldea izan liteke, baina orokorrean uzta handia izan da. Aurtengo uztan, 4 milioi litro sagardo egin dira Euskal Sagardoa jatorri deiturara bideratuak, eta horretarako, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 6 bat milioi kilo sagar erabili dira, iazko uztan baino 4 bat milioi kilo gehiago.

Hala ere, bertako sagarra gehiago izan da aurten, baina, sagar guztiak ez du balio Euskal Sagardoa egiteko. Izan ere, sagastiek zenbait baldintza bete behar dituzte kalitatea bermatu ahal izateko. Geroz eta gehiago dira prozesu horretan sartzen ari direnak, Euskal Sagardoa jatorri deitura urrats garrantzitsua baita sektorari bultzada eman eta produktuaren kalitate parametro onenak ziurtatzeko bidean.

Euskal Sagardoa egiteko 250 hektareatako sagarra erabili da eta 200dik gora izan dira sagargileak. Ezinbestekoa da sagarzaleen lana, Euskal Sagardoak aurrera egin ahal izateko, oinarria lehengaia baita eta profesionalizazio lan horretan ari da jatorri deitura, kalitatezko sagarra eta uzta orekatuak lortu ahal izateko.

Aurten, iaz baino sagardo gehiago egin da Jatorri Deiturara bideratuta eta 48 sagardotegik egin dute sagardoa, aurreko uztan baino 13 gehiagok:

  • Aburuza (Aduna)
  • Aialde Berri (Usurbil)
  • Alorrenea (Astigarraga)
  • Altzueta (Hernani)
  • Añota (Azpeitia)
  • Astarbe (Astigarraga)
  • Axpe (Markina-Xemein)
  • Barkaiztegi (Donostia)
  • Begiristain (Ikaztegieta)
  • Bereziartua (Astigarraga)
  • Eguskiza (Gatika)
  • Etxebarria (Gatika)
  • Eula (Urnieta)
  • Gartziategi (Astigarraga)
  • Gurutzeta (Astigarraga)
  • Iparragirre (Hernani)
  • Iruretxiki (Zestoa)
  • Isastegi (Tolosa)
  • Iturrieta (Aramaio)
  • Itxasburu (Hernani)
  • Izeta (Aia)
  • Laneko (Gizaburuaga)
  • Lizeaga (Astigarraga)
  • Oiharte (Zerain)
  • Ola (Irun)
  • Olagi (Altzaga)
  • Otatza (Zerain)
  • Petritegi (Astigarraga)
  • Saizar (Usurbil)
  • Satxota (Aia)
  • Tximista (Ordizia)
  • Txindurriturri (Deba)
  • Uxarte (Zornotza)
  • Zapiain (Astigarraga)
  • Zelaia (Hernani)

Aurten berriak:

  • Akarregi (Hernani)
  • Araeta (Donostia)
  • Calonge (Igeldo-Donostia)
  • Egi-Luze (Errenteria)
  • Etxeberria (Astigarraga)
  • Gaztañaga (Andoain)
  • Ipintza (Astigarraga)
  • Irigoien-Herrero (Astigarraga)
  • Kuartango (Araba)
  • Larrarte (Astigarraga)
  • Urbitarte (Ataun)
  • Urdaira (Usurbil)
  • Zabala (Aduna)

Euskal Sagardoa Kontseilu Arautzailean Euskadiko Sagargileen eta Sagardogileen Elkarte guztiek dute ordezkaritza eta orain dela pare bat urte helburu nagusitzat markatu zuten bai Euskal Sagardoari eta bai Euskal Sagardoa egiteko sagarrari balio handitzen joatea, sektore jasangarri bat indartu eta etorkizunerako oinarriak sendo jartzeko. Bide horretan pauso garrantzitsuak ari da ematen sektorea eta hala emango dira datozen urteetan ere. Estrategia horretan, sagargileen elkarteak, sagardogileen Elkarteak eta Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiak elkarlanean ari dira, eta azken urteetako elkarlan horren emaitza da Jatorri Deitura egiten ari den bidea. Sustatzaile guztiak pozik agertu dira, Jatorri Deituraren baitan egon den sagasti, sagar eta sagardotegien kopuruaren hazkundearekin. Izan ere, adierazi dutenez, Euskal Sagardoa jatorri deitura estrategikoa da: sektorea elkartzen du, sagardoaren kultura sustatu eta kontsumitzaileari tokiko eta goi-mailako produktua ziurtatzen dio.

Kapsula eta sagartxo gorria
Kontsumitzaileak merkatuan erraz identifika dezan, botila bakoitzak bere sagardotegiaren etiketa darama, baina Euskal Sagardoaren irudia izango du botilaren goikaldean, kapsula edo/eta lepoko sagar gorria. Bi bereizgarri horietako bat
edo biak daramatzaten botilak bakarrik izango dira Euskal Sagardoa jatorri deiturako sagardoak.

Bestalde, kontsumitzaileak txotx garaian ere identifikatu ahal izango ditu Jatorri Deiturara bideratutako sagardoak kupelean, sagar gorria eta prezintoak izango baitituzte kupelek.

%100 tokikoa eta kalitatezkoa
Jatorri deitura duten sagardo-botila guztiek bi ezaugarri nagusi dituzte. Alde batetik, Euskal Sagardoa %100 bertako sagarrez egindakoa da. Hori da, hain zuzen ere, jatorri deituraren helburu estrategikoetako bat: bertako sagarraren aldeko apustua sendotzea eta bultzatzea. Horretarako Euskal Herriko 115 sagar mota desberdin onartu dira.

Bestetik, bigarren ezaugarria kalitatearekin lotuta dago. Euskal Sagardoa jatorri deitura duten botila guztiek kalitate-bermea izango dute. Fraisoro Laborategian egiten dira kalitate frogak, bai fisiko-kimikoak eta bai organoleptikoak.

HAZI Fundazioak egiaztatuko du prozesu osoa, hasi sagastitik eta botilaren salmentara arte.

Kontsumitzaileak, beraz, Euskal Sagardoaren jatorri deitura duen botila bat erosten duenean, ezaugarri horiek biak bermatuak izango ditu: tokikoa eta kalitatezkoa.

Egitasmo honetan hasieratik parte hartu duten eragile guztiek nabarmendu dutenez, sektorea batu izana da Euskal Sagardoa jatorri deiturak lortu duen helburu nagusietako bat, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sagar eta sagardogileen elkarte guztiak, hiru herrialdeetako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritza batu baitira jatorri deiturari bultzada emateko eta horren erakusle da geroz eta sagarzale eta sagardogile gehiago ari dela proiektuan sartzen.