Skip to main content

Durangoko Azoka gainean daukagun honetan, abenduaren 6tik 10erako egun horietan zehar elkarlan akordio bat egin dugu Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak, HAZI Fundazioak eta Plateruena Kafe Antzokiak. Honi eskerrak, kalitate ziurtatua duten Euskal Produktuek, eta batez ere Jatorri Deiturako Euskal Sagardoak presentzia nabarmena izango dute Plateruenako eskaintzan, Euskal Herriko herritar ororengana iritsiz. Kafe Antzokira inguratzen denak hori ikusteko aukera izango du, dastatzeko aukeraz gain, elkarlana bistara aterako baita, euskarri desberdinetan.

Azokak irauten duen egunetan, Plateruena kanpoaldean karpa bat jarriko da eta bertan egunero bertako produktuez osatutako menua emango da, jateko guztiak geure lurretik eratorriak izango dira, eta edatekoa, nola ez, Euskal Sagardoa jatorrizko izendapena osatzen duten ekoizleena izango da. Bokatetan ere izango da bertako produktuez eta Euskal Sagardoaz gozatzeko aukera, eskaintza berezia ipiniko baita elkarlan honi eskerrak. Horrela, Durangoko Azokan zehar Plateruena Euskal Sagardoaren gune ere bilakatuko da, produktu hau ezagutu eta dastatu nahi duten guztientzako topaleku ere izango da.

Euskal Sagardoa etxera eraman nahi duenak ere izango du aukera, Plateruenako atarian sagardo botila desberdinekin osatutako kutxak izango baitira aukeran.

Euskal Sagardoa Jatorri deitura berriak bigarren uzta du aurtengoa eta bere ezaugarrien berri eman nahi die bezeroei: %100 bertako sagarrez egina da eta kalitate ziurtatua duena. Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagarzale eta sagardogileek hartu dute parte proiektuan. Kontsumitzaileak txapel edota lekopo-sagar gorri bidez bereizi ahal izango du Euskal Sagardoa.