Sagar biltzen hasi dira Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako 250 sagastietan.
Sagar urtea egokitu da eta uzta handia espero da sagastirik gehienetan.
Sektoreak hainbat inbestigazio proiektu jarri zituen martxan 2021 uztan eta lehen emaitzak izan dira.
Euskal Sagardoa Jatorri Deiturarako sagar bilketa hasi da Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagastirik gehienetan, eta datozen egun eta asteetan sagar biltzen ariko dira sagasti guztietan. Sagar urte oparoa da 2023ekoa eta sagastirik gehienek sagar asko dute eta oso osasuntsua eta ale handikoa, udarako eguraldia medio. Aurreko urtearekin alderatuta, sagarra lehenago heldu da orokorrean. Sagar motak, zonaldeak, heldutasun puntuak eta sagardogileen gustuek zehaztuko dute bilketa garai zehatza, baina irailetik azarora bilduta izango da bertako sagar guztia, bai Gipuzkoan, bai Bizkaian eta baita Araban ere.
Gaur azaldu ditu datu guzti horiek Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak Villabonako Otalarrea sagastian. Otalarrea Gipuzkoako Foru Aldundiaren sagasti esperimentala da eta bertan dago sagardo-sagar kolekzio nagusia. Uztaren nondik norakoak azaltzeaz gain, sagarraren inguruko inbestigazio proiektuen berri eman du sektoreak eta beren apostuen berri eman dute Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiko arduradunek.
Iazko uzta txikia izaki, aurtengoa handia izatea aurreikusi zitekeen eta uzta halakoa izan da. Loraldi bete betekoa izan zuten sagasti gehienek udaberrian eta sagar asko hartu dute sagarrondoek. Horrez gain, udara nahiko euritsua izan da eta sagar aleak asko hazi dira.
Sagar oso osasuntsua da aurtengoa, poliki-poliki haztzen eta heltzen joan dena, udarako eguraldiak medio. Iaz baino alkohol gutxiago izango du orokorrean, eta sagar mota guztientzako izan da uzta oparoa. Horrek sagardogileari lan egiteko aukera paregabea ematen dio, gustuko sagar motatatik sagarra aukeran izango baitu, gezak nahiz gaziak.
Datu zehatzak emateko goizegi bada ere, 6 milioi kilo pasa biltzea aurreikusten da Euskal Sagardora bideratutako sagastietan. Urtez urte geroz eta sagar gehiago ari da izaten bertako sagastietan, dauden sagastiak zaindu eta sagasti berriak aldatu eta produkzioan sartu ahala. Bide horretan, sagarzale eta sagardotegien arteko akordioak lotzen ari da Euskal Sagardoa Jatorri Deitura, luzerako elkarlana baita bertako produkzioa handitu, sektoreak indartu, produktuak posizionatu eta kalitatea bermatzeko modurik egokiena.
Alde horretatik datozen urteetarako dei egiten die Euskal Sagardoa Jatorri deiturak sagargileei, sagarra lantzeko interesa badute, aldez aurretik sagardogile eta Jatorri Deiturarekin harremanetan jartzeko, akordioak bilatu eta sagarraren gestioa denborarekin lotzen joateko. Sagasti berri horiek azken orduan mogitzeak arazoak sortu bailitzake, behin bilketa eta kupeltegien lana planifikatuta dagoenean.
BERTAKO SAGARRAREN EKOIZPENA HANDITZEA HELBURU
Euskal Sagardoaren barruan 250 sagargile daude gaur egun eta 500 hektarea inguru sagasti. Sagar hau guztia Jatorri Deiturako 50 sagardotegietara joaten da, Euskal Sagardoa ekoizteko. Sagasti hauetan zahar eta berriak daude eta beste 150 hektarea dira produkzioan sartu berriak eta datozen urteetan produkzioan sartuko direnak. Sagasti berririk gehien, Gipuzkoako lurraldean jarri da, Foru Aldundiak emandako laguntzaren pean gehienak, eta Bizkaia eta Araban ere bai zerbait. Bide horretan, sagasti berriak jartzen saiatzeko ahalegin eta konpromisoak ere aurrera darrai sektorea eta Foru Aldundien eskutik eta sagar sektorea profesionalizatzen jarraitzea ere helburua da, kalitatezko uzta ekilibratuak lortzeko bidean. Pauso handiak eman dira azken urteetan Euskal Sagardo proiektuak bultzata eta datozen urteetan ere ezinbestekoa izango da sagar sektoreak egiten duen bidea, bai kalitatearen alde eta baita geroz eta bertako sagar gehiago izatearen alde ere. Izan ere, sektoreak eta administrazioak helburu bat garbi zehaztu zuten Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren sorreran: 15 urtean %100 bertako sagar hutsez egitea hemengo sagardo guztia; hau da, Euskal Sagardoa seilupekoa izatea ekoiztuko den sagardo guztia. Hala ere, urte asko dituzten sagasti txikietan bada arazo bat, belaunaldi-errelebo falta eta azken urteetan nabarmentzen ari da arazo hori: sagastiak zaindu eta sagarra biltzeko jendea falta dela, eta baserrietan lan egiten duen geroz eta gazte gutxiago dagoela. Gai horri ere heldu dio Jatorri Deiturak administrazioekin batean.
HIRU PROIEKTU ESTRATEGIKO
Bide horretan, sagasti berriak jartzeaz gain, teknikoki garatu beharreko lehentasunezko hiru proiektu aurkeztu zituen iaz, Jatorri Deiturako sagar sektoreak, aurtengo urtean proban jarri direnak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin:
- Polinizazioa: sagarrak, beste sagar mota bat behar du inguruan polinizatzeko eta sagar mota desberdinen arteko polinizazio gaitasuna neurtzea ezinbestekoa da sagasti beriak planifikatzeko. Bertako sagar motek elkar polinizatzeko duten gaitasuna aztertzen ari da sektorea, Fruitel elkartearen eskutik. UPNArekin batean egin da proiektua eta emaitzak badaude dagoeneko.
- Bakanketa: sagar asko den urteetan sagarra bakantzea garrantzitsua da, urtero uzta orekatuagoak izateko. Azken urteetan, hainbat sagar motekin egin da entsaioa, sagasti desberdinetan, eta sagar mota desberdinekin. Lehen emaitzak baditugu dagoeneko.
- Lurra: Geroz eta garrantzia handiagoa ematen zaio lurraren lanketa eta osaketari eta horretan sektorea formatzea ezinbestekoa da uztak ekilibratzeaz gain, kalitatezko sagarra izateko. Ikastaro desberdinak egin ditu sagar sektoreak horren bueltan.
Mota desberdinak
Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak 106 sagar mota ditu onartuak eta hauetako 24 dira gehien erabiltzen direnak, gezak eta gaziak (garratzak). Horien nahasketa egokiak emango dizkio sagardoari bere ezaugarriak eta sagardotegi bakoitzak bilatzen du bere gustuko nahasketa eta sagardoa. Hauek dira Euskal Sagardoan erabiltzen diren 24 sagar mota nagusiak:
GARRATZAK (GAZIAK):
ERREZILA
GOIKOETXE
TXALAKA
URTEBI HAUNDI
FRANTZES SAGARRA
BOSTKANTOI
HARITZA
AZPEITI SAGARRA
MANTTONI
IBARRA
GEZAK:
GEZAMIÑA
URDIN
MOZOLOA
PATZULOA
MIKATZA
UDARE MARROI
TXORI SAGARRA
GAZI-GEZAK:
MOKO
LIMOI
MERABI
MOKOTE
URTEBETE
URTEBI TXIKI
SALTXIPI