Sagar biltzen hasi dira Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako 250 sagastietan.
Iazkoarekin alderatuta %30 biltzea aurreikusten da.
Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagargileekin batean Iparraldeko eta Nafarroako sagargileak ere izan dira aurkezpenean.
Euskal Sagardoa Jatorri Deiturarako sagar bilketa hasi da Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagasti batzuetan eta datozen egunetan hasiko da gainerako sagastietan. Iazko urtearekin alderatuta, heldutasuna atzerago dator sagastietan, sagar gazietan gehienbat. Uzta txikiagoa espero da, ez-urtea tokatzen delako batetik, neguan hotz gutxi egin duelako eta udaran egindako bero zakar kolpe batek uztaren parte bat bota duelako. Orokorrean, Gipuzkoan Goierri inguruan sagar gehiago da Beterrin baino, neguan hotz handiagoa egin duelako eta horrek eraginda loraldi hobea izan dutelako sagarrondoek. Bizkaian ere antzeko egoera dago, kostalean baino sagar gehiago da barrualdean eta Araban iaz gutxi eman zuen lekuetan da sagarrik gehien. Guztira iazko uztaren %30 inguru biltzea aurreikusten da.
Gaur azaldu ditu datu guzti horiek Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak Irungo Etxezabal baserriko sagastian. Uztaren nondik norakoak azaltzeaz gain, sagarraren inguruko azterketa proiektuen berri eman du sektoreak eta beren apustuen berri eman dute Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiko arduradunek. Prentsaurrekoan parte hartu dute besteak beste Ainhoa Azkonobieta, Euskal Sagardo Jatorri deiturako kide eta Fruiteleko pardaideak, Aitor Etxeandia Fruitel Elkarteko teknikariak, Iker Iglesias Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaria, Mikel Azpiri Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Lurralde Oreka Departamenduko Teknikaria, Lander Sagaseta Nafarroako sagargileak, Bixintxo Aphaule Iparraldeko sagar eta sagarnogileak eta Unai Agirre Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako koordinatzaileak.
Iazko uzta handia izaki, aurtengoa txikia izatea aurreikusi zitekeen eta uzta halakoa izan da. Uztak orekatzeko proiektuek beren emaitzak emanagatik ere, zaila izango da oreka hori Euskal Herri guztira zabaltzea eta aurten bezala, beste zenbait faktorek laguntzen ez badute, uzten arteko aldea handia izango da.
Uzta txikiak direnean azukre gehiagoko sagarrak izan ohi dira normalean, baina aurten, udarako euriak medio, iazko alkohol graduazio antzekoa izango dute. Eurien eraginez, heldutasuna ere nahiko atzera dator eta sagastirik gehienetan datorren astean hasiko dira sagarra biltzen.
Datu zehatzak emateko goizegi bada ere, 2 milioi kilo biltzea aurreikusten da Euskal Sagardora bideratutako sagastietan. Urtez urte geroz eta sagar gehiago ari da izaten bertako sagastietan, dauden sagastiak zaindu eta sagasti berriak aldatu eta produkzioan sartu ahala. Bide horretan, sagarzale eta sagardotegien arteko akordioak lotzen ari da Euskal Sagardoa Jatorri Deitura, luzerako elkarlana baita bertako produkzioa handitu, sektoreak indartu, produktuak posizionatu eta kalitatea bermatzeko modurik egokiena.
Datozen urteetarako dei egiten die Euskal Sagardoa Jatorri deiturak sagargileei, sagarra lantzeko interesa badute, aldez aurretik sagardogile eta Jatorri Deiturarekin harremanetan jartzeko, akordioak bilatu eta sagarraren gestioa denborarekin lotzen joateko.
BERTAKO SAGARRAREN EKOIZPENA HANDITZEA HELBURU
Euskal Sagardoaren barruan 250 sagargile daude gaur egun eta 500 hektarea inguru sagasti. Sagar hau guztia Jatorri Deiturako 47 sagardotegietara joaten da, Euskal Sagardoa ekoizteko. Sagasti hauetan zahar eta berriak daude eta beste 155 hektarea dira produkzioan sartu berriak edo datozen urteetan produkzioan sartuko direnak. Sagasti berririk gehien, Gipuzkoako lurraldean jarri da, Foru Aldundiak emandako laguntzaren pean gehienak, eta Bizkaia eta Araban ere bai zerbait. Bide horretan, sagasti berriak jartzen saiatzeko ahalegin eta konpromisoak ere aurrera darrai sektorea eta Foru Aldundien eskutik eta sagar sektorea profesionalizatzen jarraitzea ere bada helburua, kalitatezko uzta ekilibratuak lortzeko bidean. Pauso handiak eman dira azken urteetan Euskal Sagardoa proiektuak bultzatuta eta datozen urteetan ere ezinbestekoa izango da sagar sektoreak egiten duen bidea, bai kalitatearen alde eta baita geroz eta bertako sagar gehiago izatearen alde ere. Izan ere, sektoreak eta administrazioak helburu bat garbi zehaztu zuten Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren sorreran: 15 urtean %100 bertako sagar hutsez egitea hemengo sagardo guztia; hau da, Euskal Sagardoa seilupekoa izatea ekoiztuko den sagardo guztia. Hala ere, urte asko dituzten sagasti txikietan bada arazo bat, belaunaldi-errelebo falta eta azken urteetan nabarmentzen ari da arazo hori: sagastiak zaindu eta sagarra biltzeko jendea falta dela, eta baserrietan lan egiten duen geroz eta gazte gutxiago dagoela. Gai horri ere heldu dio Jatorri Deiturak administrazioekin batean, etorkizunerako aukerak bilatu nahian.
IPARRALDEA ETA NAFARROAREN SARRERA
Euskal Sagardoa Jatorri Deitura Nafarroa eta Iparraldeko sagar eta sagardogile sektoreekin bat eginda dago, hauek ere Jatorri Deituran sartu daitezen. Prozesu luzea da, baina bide onetik doa. Behin lurralde guztiak Jatorri Deituran izanda, sagarra ekoizteko ahalmen handiagoa izango du Jatorri Deiturak eta baita Euskal Sagardoa egingo duten sagargile eta sagardogile gehiago ere. Gaurko prentsaurrekoan Iparraldeko Bixintxo Aphaule sagar eta sagardogilea eta Nafarroako Lander Sagaseta sagargilea izan dira, beren sagastien eta uztaren berri emateko.
PROIEKTU ESTRATEGIKOAK
Bide horretan, sagasti berriak jartzeaz gain, teknikoki garatu beharreko lehentasunezko hiru proiektu aurkeztu zituen 2021ean Jatorri Deiturako sagar sektoreak, geroztik proban jarri direnak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Horiez gain, beste proiektu interesgarri bat jarri da martxan azken urteetan:
- Geneva txertaken erabilera: Geneva txertakak sagardo sagarrean erabiltzeko proiektua martxan da. Aurreikusi liteke, produkzioan azkarrago sartuko direla sagarrondoak, phytorphthorarekin arazo gutxiago izango direla eta mekanizatua erraztuko dutela.
- Polinizazioa: sagarrak, beste sagar mota bat behar du inguruan polinizatzeko eta sagar mota desberdinen arteko polinizazio gaitasuna neurtzea ezinbestekoa da sagasti berriak planifikatzeko garaian. Bertako sagar motek elkar polinizatzeko duten gaitasuna aztertzen ari da sektorea, Fruitel elkartearen eskutik. UPNArekin batean egin da proiektua eta emaitza nagusiak badaude dagoeneko eta sagasti berrietan proban jartzen ari dira.
- Bakanketa: sagar asko den urteetan sagarra bakantzea garrantzitsua da, urtero uzta orekatuagoak izateko. Azken urteetan, hainbat sagar motekin egin da entsaioa, sagasti desberdinetan, eta sagar mota desberdinekin. Lehen emaitzak baditugu dagoeneko.
- Lurra: Geroz eta garrantzia handiagoa ematen zaio lurraren lanketa eta osaketari eta horretan sektorea formatzea ezinbestekoa da uztak ekilibratzeaz gain, kalitatezko sagarra izateko. Ikastaro desberdinak egin ditu sagar sektoreak horren bueltan.
Mota desberdinak
Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak 106 sagar mota ditu onartuak eta hauetako 24 dira gehien erabiltzen direnak, gezak eta gaziak (garratzak). Horien nahasketa egokiak emango dizkio sagardoari bere ezaugarriak eta sagardotegi bakoitzak bilatzen du bere gustuko nahasketa eta sagardoa. Hauek dira Euskal Sagardoan erabiltzen diren 24 sagar mota nagusiak:
GAZIAK (GARRATZAK):
ERREZILA GOIKOETXE TXALAKA URTEBI HAUNDI FRANTZES SAGARRA BOSTKANTOI HARITZA AZPEITI SAGARRA MANTTONI IBARRA |
GEZAK:
GEZAMIÑA URDIN MOZOLOA PATZULOA MIKATZA UDARE MARROI TXORI SAGARRA |
GAZI-GEZAK:
MOKO LIMOI MERABI MOKOTE URTEBETE URTEBI TXIKI SALTXIPI |
Nafarroa eta Iparraldearen sarrerarekin 250 sagar motatara zabalduko da zerrenda hau, bertako sagar motak medio. Beren artean antza handia duten sagar motak dira asko, eta guztiak dira mundu mailako gainerako sagar motekin alderatuta ADN berezia dutenak, ehundaka urtean Euskal Herrian sortu eta garatuak baitira.
Sagar Uzta Jaia irailaren 29an Astigarragan
Astigarragan Sagar Uzta jaia izango da irailaren 26tik 29ra eta egun nagusia irailaren 29an izango da, igandea, egun osoko egitarau zabalarekin. Astigarragako Plazan izango dira ekitaldi nagusiak eta urteroko moduan sagarra ezagutu eta gozatzeko aukera izango da. Uda Zaporeaz ekintzen barruan kokatzen da Sagar Uzta, irailaren 19tik azaroaren 3ra bitartean izango baita Uda Zaporeaz ekitaldia.
Sagardo Astea urriaren 9tik 19ra, Igartubeiti baserri museoan
Ezkio-Itsasoko Igartubeiti Baserri Museoak Sagardo Astea egingo du urriaren 9tik 19ra, bertako dolarea martxan ipiniz, bere 23. edizioan. Baserriko sagarraren prentsaketa zuzenean ikusteko urteko aukera bakarra da. Programak kirikoketa erakustaldiak, bisita antzestuak eta Chillida Lantokira bisita gidatua barne hartzen ditu. Beharrezkoa da izena ematea, plaza mugatuak baitira. Erreserbak 943 72 29 78 telefonoan edo igartubeiti@gipuzkoa.eus-en egin daitezke. Informazio gehiago www.igartubeitibaserria.eus web orrian.
Sagar Uzta Jaia irailaren 29an Ola sagardotegian
Irungo Meaka auzoan bertan ere izango da Sagar Uzta jaia, irailaren 29an. Ola sagardotegiak urteroko jaia antolatuko du goizeko 11:30etatik 14:30etara. Sagar erakusketa, haurrekin muztioa egitea, muztio berria eta sagardoa dastatzeko aukera eta abar izango dira goizean zehar.