Sagardoak gure osasunerako onurak dituela erakusten duten hainbat ikerketa zientifiko egin dira azken urteotan. Nola ez, sagardoa bere neurrian edaten bada. Dastatzerakoan gozamena ematen duen edaria baino gehiago dela erakusten du horrela sagardoak.
Euskal Herriko Unibertsitatean egindako ikerketa batek erakutsi zuen sagardoa osasunerako ona dela. Ikerleek sagardoaren konposizio polifenolikoa aztertu zuten eta, ikerlanak dioenez, sagardoaren gaitasun antioxidatzailea laranja zukuaren antzekoa da.
Oviedoko Unibertsitateak, Madrileko Monteprincipe Ospitale Unibertsitarioak, eta Asturiaseko Nekazaritzako Elikagaien Ikerketa eta Garapenerako Zerbitzu Erregionalak (SERIDA) erakundeek egindako ikerketa batek ondorioztatu du sagardoa ezin hobea dela kolesterola eta glukosa mailak kontrolatzeko; eragingarria dela oxidazioaren, hanturen eta minbiziaren aurka; eta, aldi berean, lagungarria dela gaixotasun kardiobaskularren aurka eta azido urikoa erregulatzeko.
Txotx egitean, beraz, zapore onenaz dastatzeko aukeraz gain, norberaren osasunaren alde ere egiten dugu.