– Jatorri deitura berriaren bi ezaugarri nagusiak % 100 bertako sagarra eta kalitate-bermea dira.
– “Egitasmoaren helburua sektorea elkartu, sagardoaren kultura sustatu eta sagargile eta sagardogileei bultzada eman eta kontsumitzaileari tokiko eta goi-mailako produktua ziurtatzea da” – adierazi du Tapia Sailburuak.
Euskal Sagardoa jatorri deitura berriaren merkaturatzea aurkezteko ekitaldia egin da gaur, ekainak 5, Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktorian. Jatorri deitura berria duten sagardo botilak gaurtik aurrera eskuratu ahal izango dira saltoki eta salmenta-puntuetan.
Merkaturatzea aurkezteko ekitaldian, Euskal Sagardoa jatorri deituraren koordinatzaile Unai Agirrerekin batera, honakoek parte hartu dute: Arantxa Tapia Otaegi (Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua), Xabier Arruti (Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritzako eta Landa Garapeneko zuzendari nagusia), Lucia Isla (Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza zuzendaria), Asun Quintana (Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza zuzendaria), Hur Astarbe (Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko ordezkaria), Aitor Intxaurraga (Bizkaiko Sagardogileen Elkarteko presidentea), Oihana Gaincerain (Sagardo Mahaia Elkarteko presidentea) eta Antxon Mendia (Fruitel Sagarzale elkarteko presidentea).
Aurkezpenean azaldu den moduan, merkatuan dira lehenengo botilak. “Gaurtik aurrera Euskal Sagardoa jatorri deituraren bereizgarria duten sagardo botilak salmenta-puntuetan egongo dira eskuragarri” azaldu du Agirrek, jatorri deituraren koordinatzaileak. “Kontsumitzaileak, Euskal Sagardoaren jatorri deitura duen botila bat erosten duenean, ezaugarri horiek biak bermatuak izango ditu: tokikoa eta kalitatezkoa. Horrela, jatorri izendapenak bereizgarritasuna emango dio sagardoari merkaturatzeko orduan balio erantsia emanez”, erantsi du Arantxa Tapiak, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak.
36 sagardogile elkartu dira jatorri deituraren sorreran: botila bakoitzak bere sagardotegiaren etiketa eramango du, baina Euskal Sagardoaren irudia izango du botilaren goikaldean. Euskal Sagardoak, zenbakidun berme-zigilua edukiko du, eta markaren identifikagarria den sagar gorri bat kapsulan edota botilaren lepoan.
%100 tokikoa eta kalitatezkoa
Jatorri deitura duten sagardo-botila guztiek bi ezaugarri nagusi izango dituzte. Alde batetik, Euskal Sagardoa %100 bertako sagarrez egindakoa izango da. Hori da, hain zuzen ere, jatorri deituraren helburu estrategikoetako bat: bertako sagarraren aldeko apustua sendotzea eta bultzatzea. Horretarako, Euskal Herriko izaera desberdinetako 115 sagar mota onartu dira, jatorri deiturako araudian. Aurten 1.320.000 litro bideratu dira jatorri deiturara, eta hurrengo urteetan kopuru hau handitzea da asmoa. Halaber, 200 hektareatik gora sagasti erabili dira sagardo hori egiteko.
Bestetik, bigarren ezaugarria kalitatearekin lotuta dago. Euskal Sagardoa jatorri deitura duten botila guztiek kalitate-bermea izango dute. Fraisoro Laborategi espezializatua arduratuko da kalitatea neurtzeaz, eta HAZIk egiaztatuko du prozesua. Botila-lote guzti-guztiek pasa beharko dituzte kalitate-kontrolak, laborategiek eta dastatzaile trebatuek kalifikatuko dituzte, eta erakunde ofizialek bermatuko dute jatorria, sagastitik hasi eta botilara arte.
Euskal Sagardoa jatorri deiturak Eusko Label sagardoaren lekukoa hartuko du. Kontseilu Arautzaileak kudeatuko du marka eta bertan sagargile eta sagardogileen sektoreak eta administrazioek izango dute ordezkaritza.
Egitasmo honetan parte hartu duten eragile guztiek nabarmendu dutenez, sektorea batu izana da Euskal Sagardoa jatorri deiturak lortu duen helburu nagusietako bat, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sagar eta sagardogileen elkarte guztiak, hiru herrialdeetako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritza batu baitira jatorri deiturari bultzada emateko.
Ekitaldia amaitzeko, Mikel Garaizabal enologoak kata egin du jatorri deitura duten sagardo botilekin, eta bertaratu diren ordezkari guztiek bertatik bertara Euskal Sagardoaren zaporeaz gozatzeko aukera izan dute.