Sagardotegi denboraldia otsailaren 5ean ireki zen ofizialki, baina Covid 19ak eragindako egoerak sagardotegi gehienen irekiera atzeratu du. Aurreko astean eta aste honetan ari dira irekitzen gehienak, neurri berrietara egokituta.
Uzta berria dastatzeko unea da sagardotegi denboraldia eta aurten mahaian dastatuko da uzta berri hori, botila eta/edo pitxer gardenetan. Sagardogileek mahaira ekarriko dute sagardo berria, pitxer edo botila gardenetan, bakoitza bere txartel edota azalpenarekin. Txartel bakoitzean kupelaren zenbakia zehaztuko da, bezeroak aldiro jakin dezan zein sagardo ari den dastatzen, zenbait kasutan, sagastien eta erabili diren sagar moten inguruko informazioa ere izango dute. Txartel horrek QR kodea ere izango du, sagardotegiaren informazio gehiago jaso ahal izateko.
Otorduan zehar, pitxerra betetzera ere altxa daiteke mahai bakoitzeko arduraduna, eta sagardogilearen laguntzarekin beteko du taldeak dastatu nahi duen edo sagardogileak gomendatzen duen kupeleko sagardoa.
Aldaketa hauekin sagardo sektoreak esperientzia erakargarri eta aldi berean segurua eskaini nahi die bezeroei, eta sagardotegi denboraldiaren oinarria galdu gabe, hau da, kupeletan egiten ari den sagardo berria dastatzeko aukera. Horrez gain, sagardotegietara inguratzen den jendeak Euskal Sagardoa botilan erosteko aukera ere izango du.
Honenbestez, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagardotegiak hasi dira ateak irekitzen protokolo zehatz bat martxan jarrita eta unean uneko egoerara egokitzeko prest.
Garai bateko kontsumitzeko modua, egungo egoera bideratzeko
Uzta berria mahaian kontsumitzea berritzailea da, baina aldi berean, antzinako kontsumitzeko modua berreskuratzeko pausoa. Historian zehar pitxerretan zerbitzatu izan da sagardoa gure sagardotegietan. Aurten, teknika hori egokitu eta findu nahi izan dugu, bezeroari ahal bezain arreta onena emateko asmotan, produktua, informazioa eta irudia zainduta. Horregatik, pitxerra edo botila gardenari, sagardoaren informazioa ere jarriko zaio, kontsumitzaileak zein kupeletako eta zein sagardo mota dastatzen duen jakin dezan.
Izaera eta gorputz ederreko sagardoa
2020a sagar urte txikia izan da Euskal Herrian kopuruz, eta izaera handikoa edukiz. Sagardoek ere hori erakusten dute, izaera eta gorputza. Uzta oso berezia eta ona dastatu ahal izango du kontsumitzaileak Sagardotegi denboraldian, konplexutasun handiko sagardoa, bilakaera ahalmen handikoa. Euskal Sagardoa Jatorri Deiturapean 1.200.000 litro sagardo egin dira 2020 uztan, eta horretarako 2 milioi pasa kilo sagar erabili dira.
Euskal Sagardoak Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 48 sagardotegi biltzen ditu gaur egun eta 248 sagargileren sagarra erabiltzen da.
Egoera larriari buelta eman nahian
Sagardo sektorea egoera larrian da Covid19ak eragindako krisiaren ondorioz. 2020ko martxotik 2021eko otsailera arte 18 milioi € inguruko galerak izan ditu sektoreak: batetik, sagardotegi denboraldia iaz erdiz erdi moztu zelako eta aurtengoa murrizketekin eta martxan oraintxe jarriko delako; eta bestetik, ostalaritza geldirik izanda sagardo salmentak jaitsiera izan duelako. Baina aldi berean, egoera berrira egokitu eta aurrera egiteko indarrez dago sektorea, erabakiak taldean hartu eta proposamen eta proiektu berriak martxan jarrita.