Kopuruz txikia eta izaera handiko uzta espero da hemengo sagastietan
Iaz uzta handia izateak eta neguan hotz handiegirik ezak eraginda, kopuruz azken urteetako uztarik txikienetakoa espero du Euskal Sagardoa jatorri deiturak bere sagastietan. Uzta handi baten hurrengoari “Ez urtea” esaten zaio sagar munduan eta “Ez urtea” egokitzen denean, uzta ekilibratuagoak lortzea da hemengo sagastietako erronka nagusietako bat, poliki-poliki lortzen ari dena.
Aurten, hala ere, “ez urtea” eta hotz gutxiko negua egokitu dira eta sagastiek ez dute behar adina deskantsatu uzta handi bati aurre egiteko.
Beraz, uzta txikiagoa izango da, baina izaera handikoa espero da. Ale gutxiago izateak sagarraren izaera handitzen du, eta bilketa aurreko egunek baldintzatuko badute ere, orain arteko eguraldiak hori eragin du, ezaugarri oneko sagarra izatea.
Gaur osteguna, irailak 17, Otalarre sagasti esperimentalean Euskal Sagardoaren sagar uztaren aurkezpena egin da prentsaurreko baten bidez. Bertan, instituzioak, sagargileak, sagardogileak eta sagarraren munduko eragile ezberdinak elkartu dira eta 2020ko uztari buruzko datu batzuk jakin ahal izan ditugu:
- Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak 115 sagar mota ditu onartuak eta hauetako 24 dira gehien erabiltzen direnak, gezak eta garratzak (gaziak).
- Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 245 sagargileek egiten dute Euskal Sagardorako sagarra, 450 hektarea ingurutan.
- 2019 uztan 5 milioi kiloko uzta bildu zen Euskal Sagardora bideratutako sagastietan. 2020an uzta txikiagoa aurreikusten da.
Sagar motak, zonaldeak, heldutasun puntuak eta sagardogileen gustuek zehaztuko dute bilketa garaia, baina egunotan sagarra biltzen hastekoak dira lehen sagastietan.