2019ko uztako sagardoa aurkeztu dugu Hernaniko Chillida Leku museoan. Euskal Sagardoko kide diren 48 sagardotegien 60 botila aurkeztu ditugu.
Euskal Sagardoa jatorri-deituraren koordinatzaile Unai Agirrerekin batera, prentsaurrekoan jatorri-deitura sustatzen duten erakunde publikoetako ordezkariek parte hartu dute agerraldian: Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordea, eta Xabier Arruti, Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Landa Garapeneko zuzendaria; baita Iker Goiria, Gipuzkoako Turismo zuzendaria, Xabier Lertxundi, Hernaniko Udaletxeko ordezkaria; Oihana Gancerain, Euskal Sagardoa jatorri-deiturako presidentea; Felix San Sebastian sagargilea eta jatorri-deiturako zuzendaritzako kidea eta Olatz Mitxelena, Sagardoa Routeko koordinatzailea.
48 sagardogile eta 60 sagardo mota desberdin
Euskal Sagardoa osatzen duten Gipuzkoako, Bizkaiako eta Arabako 48 sagardogileen 60 sagardo aurkeztu ditugu, 250 sagargileren sagarrekin eginak. Uzta handia izan da kopuruan 2019koa, guztira, 3,2 milioi litro Euskal Sagardo ekoiztu dira bertako 5,5 milioi kilo sagarrekin. Sagardo lurrintsu eta orekatuak lortu dira, aurreko uztakoekin alderatuta arinagoak ahoan eta alkohol graduazio baxuagokoak orokorrean. Baina sagardotegi eta sagardo bakoitza mundu bat da, bakoitzak ditu bere ezaugarriak.
Jatorri-deitura urte askotako lanaren emaitza eta etorkizuneko apustua da, erakunde publikoek eta sagar eta sagardo sektoreak elkarlanean osatzen dutena. Euskal Sagardoa zigilua daramaten sagardoek bi ezaugarri nagusi dituzte: %100 bertako sagarrarekin eginak dira eta kalitate-bermea dute.
Euskal Sagardoaren lehen katalogoa
2019ko uztako sagardoa dastatzeko aukera
Agerraldiaren amaieran 2019ko uztako sagardoa dastatzeko aukera izan dute bertaratutakoek, Mikel Garaizabal sommelierraren eskutik.
Euskal Sagardoa jatorri deitura
Euskal Sagardoa 2016ko uztarekin sortu zen eta urte guzti hauetan ibilbide luzea egin dugu, bai sagastien eta produktuaren kalitateari begira eta baita merkaturatzeari begira ere. Lehen urteetan distribuzio antolatuan posizionatzeko lanak eman zituen fruituak eta gaur egun buru belarri HORECA kanalean posizionatzeko lanean ari gara. Horri begira genuen eginda 2020ko plangintza, eta etorri denak urteko promozioa apur bat geldiarazi badu ere, berriz ere ekin diogu lanari. Gainera, dibertsifikazioan ere lan handia egiten ari da sektorea: Euskal Sagardo gamak, formatu berriak eta Euskal Sagardotik abiatutako produktu berriak bultzatuz.
Bestalde, sagastietan ere lan handia ari da egiten sektorea, sagardotegietako lan guztia sagastietan hasten baita: kalitatezko lehengaiak ematen baitu kalitatezko produktua egiteko aukera.
Ekitaldiaren inguruko berria komunikabideetan:
Europa Press 20 minutos. Diario Vasco. Euskadi.eus. Gasteiz Berri. naiz.eus eldiario.es EITB Berria Onda Cero The World News
Aiurri Donostitik Noticias Press Gipuzkoa Digital El Diario Vasco Noticias de Gipuzkoa Gara