Skip to main content

Euskal Sagardoa osatzen duten 47 sagardogileen 112 Euskal Sagardo desberdin azaldu dira,  %100 bertako sagarraz eginak eta kalitate-bermea dutenak. 2025 uzta aurrekoa baino handiagoa izan da.

“Sagardo orekatuak dira, gorputza eta freskura dutenak”

Euskal Sagardoa jatorri-deiturak 2025 uztako sagardoa aurkeztu du gaur, ekainak 2, Gasteizko Aihotz plazan. Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako 47 sagardotegiek 112 produktu desberdin aurkeztu dituzte.

Euskal Sagardoa jatorri-deituraren koordinatzaile Unai Agirrerekin batean, prentsaurrekoan jatorri-deitura sustatzen duten erakunde publiko eta pribatuetako ordezkariek parte hartu dute.

Euskal Sagardoa osatzen duten Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 47 sagardogileen 112 sagardo aurkeztu dira, 170 sagargileren sagarrekin eginak. Uzta handia izan da kopuruz 2025ekoa aurrekoarekin alderatuta, baina espero baina txikiagoa. Horrek sagardo orekatuak eman ditu, freskoak eta lurrintsuak batetik, baina uste zitekeena baino gorputz gehixeago dutenak orokorrean. Guztira, 4,7 milioi kilo bildu dira eta 3 milioi litro pasa Euskal Sagardo egin ahal izan dira.

Baina sagardotegi eta sagardo bakoitzak ditu bere berezitasunak. Bide horretan, gauza bereziak merkaturatzen ari dira Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako sagardogileak azken urtetan: lursail jakineko sagardoak, sagar mota jakinekoak, ondutakoak, egurrean garatuak, eta abar. Aurreko urteetako bideari jarraituz, 2025eko uztan dibertsifikazio horretan garatzeko aukera izan du sektoreak eta produktu desberdin asko egin dira. Horrez gain, sagardo apardunak jatorri deituran sartzeko pausoak eman dira eta laster izatea aurreikusten da. Bide horretan sagardo apardunak ere ekoiztu dituzte hainbat sagardotegik eta baita izotzezko sagardoak, suzkoak eta bestelako sagardo desberdinak ere.

Jatorri-deitura urte askotako lanaren emaitza eta etorkizuneko apustua dela nabarmendu dute sustatzaileek. Erakunde publikoek eta sagar eta sagardo sektoreak elkarlanean osatzen dute Kontseilu Arautzailea eta etorkizunerako apustua. Euskal Sagardoa zigilua daramaten sagardoek bi ezaugarri nagusi dituzte: %100 bertako sagarrarekin eginak dira eta kalitate-bermea dute. Baina hirugarren ezaugarri bat ere badute, dibertsifikaziorako aukera zabaltzen ari direla. Horretan zeresan handia dute, sagasti berrien diseinuak eta merkatura egokitzen jarraitzeko sagardogileek duten interesak. Azken uzta hau eta datozenak interesgarriak izango dira dibertsifikazio horretan.

Topa! Gasteiz eta uzta Aurkezpena Araban

Gaur aurkeztu da 2025 uzta berria, botilan, Gasteizko Aihotz plazan, Topa! Gasteizeko ekitaldien barruan. Sagardo horiek orain artean txotxean dastatu ahal izan dituzte sagardotegietara joan direnek eta orain botilan merkaturatzen hasi dira sagardogileak. Euskal Sagardoa Jatorri Deitura 2016an sortu zen, eta ordutik ibilbide luzea egin du garapenean eta hobekuntzan, bai sagastietan, bai produktuaren kalitatean, bai ondorengo merkaturatzean. Gaurko ekitaldian, sagardo berriak aurkezteaz gain, Euskal Sagardoak biltzen dituen herrialdeei egin nahi izan zaie kinu bat, eta horregatik aurkeztu da bigarren aldiz uzta berria Gasteizen, Araba ere Jatorri Deiturako kide dela azaldu eta guztion arteko proiektu hau balorean jartzeko.

Komertzializazio bideak: retaila, ostalaritza, on-line eta salmenta zuzena

Euskal Sagardoak komertzializazio bideak indartzen egin du lan azken urteetan, bai linealetan, bai ostalaritzan eta baita salmenta zuzena eta on line salmentan ere. Garrantzitsua da komertzializazio bide hauetan egin litekeen elkarlana, Jatorri Deitura duten sagardoak balorean jarri eta salmenta bultzatzeko. Aurreko urteetako bideari jarraikortasuna eman eta salmentak areagotzen jarraitzea da helburua. Horretarako komertzializazio bide bakoitzerako estrategiak garatzen ari da Euskal Sagardoa eta Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan ekintzak antolatzen. Aurten ekintza asko egin dira bai retailean, baina baita ostalaritzan ere, eta taberna-jatetxe eta elkarteekin elkarlana bultzatzen ari da Euskal Sagardoa.

Ostalaritza-sektorerako aurkezpen afaria

Topa! Gasteiz ekitaldien barruan, Euskal Sagardo aurkezpen afari bat egingo da gaur gauean, Gasteizko Toloño-Gastrogune jatetxean, Abastos Merkatuan. Parte hartzaileek jatorrizko deitura duten sagardoak dastatu ahal izango dituzte, sektoreko produktu berritzaileenak ikusi ahal izango dituzte, sagardotegietako dibertsifikazioa eta abar. Iaz Karminen egindako ekitaldiak jarraipena izango du ekitaldi horrekin, Euskal Sagardoak urrats bat aurrera eman nahi baitu Araban, Arabako ostalariek sektorea eta produktua ezagutu dezaten eta “izen eta abizenak” dituzten sagardo-kartak izatera anima daitezen. Iazko lana indartzera dator aurtengoa, eta urtean zehar izan den harremana sendotu eta ideiak hartzera.

Sagardo Eguna, larunbatean Matxete plazan

Topa! Gasteiz ekitaldien barruan Sagardo Eguna egingo da ekainaren 6an, larunbata, Aihotz plazan. Egun osoan zehar, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 13 sagardotegiren sagardoa izango da berek zerbitzatua eta dastatze gidatuak egingo dira Mikel Garaizabalen eskutik. Musikak ere izango du bere lekua ekitaldian, kaleko musika eguerdiz eta DJ Malandro izango baita arratsaldez. Horrez gain, Eusko Label produktuen dastaketa ere izango da Txomin Parrillaren eskutik.

 

Honako sagardotegi hauek hartuko dute parte Aihotz plazan:

Axpe (Markina-Xemein)

Altuna (Urnieta)

Etxeberria (Astigarraga)

Gurutzeta (Astigarraga)

Iturrieta (Aramaio)

Izeta (Aia)

Kuartango (Kuartango)

Oiharte (Zerain)

Petritegi (Astigarraga)

Trebiñu (Askartza)

Urdaira (Usurbil)

Zapiain (Astigarraga)

Zelaia (Hernani)

Egitaraua

Ekainaren 6a (11:30-14:30 / 17:00-21:00)

Euskal Sagardoa eta Eusko Label pintxoak (Basatxerri Xolomoburua pikilo saltsaz, KM0 Txekor Saiheskia eta ajoarrieroa Euskaber arrautzarekin).

Kata azkarrak:

12:00, 13:00, 14:00 17:30, 18:30

Kontzertuak:

12:30 Kaleko Musika

19:00 DJ Malandro.