Skip to main content

Euskal Sagardoa osatzen duten 48 sagardogileen 110 Euskal Sagardo desberdin azaldu dira, %100 bertako sagarraz eginak eta kalitate-bermea dutenak. 2024 uzta aurrekoa baino txikiago izan da eta izaera handikoa.

“Sagardo mamitsuak dira, gorputz handikoak eta lurrintsuak”

Euskal Sagardoa jatorri-deiturak 2024 uztako sagardoa aurkeztu du gaur, ekainak 3, Gasteizko Aihotz plazan. Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako 48 sagardotegiek 110 produktu desberdin aurkeztu dituzte.

Euskal Sagardoa jatorri-deituraren koordinatzaile Unai Agirrerekin batean, prentsaurrekoan jatorri-deitura sustatzen duten erakunde publiko eta pribatuetako ordezkariek parte hartu dute:

  • Nora Beltrán de Otalora, Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendaria / Directora de Calidad y Promoción Alimentaria
  • Noemi Agirre, Diputada Foral de Agricultura / Nekazaritzako Foru Diputatua.
  • Beatriz Artolazabal, Teniente de Alcaldesa del Ayuntamiento de Vitoria- Gasteiz.
  • Maite Retolaza, Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren Presidentea / Presidenta de la Denominación de Origen Euskal Sagardoa. • Unai Agirre, Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren Koordinatzailea / Coordinador de la Denominación de Origen Euskal Sagardoa.
  • Eta noski, eguneko protagonistak SAGAR ETA SAGARDO SEKTOREA: Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Sagargile eta Sagardogileak.

Euskal Sagardoa osatzen duten Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 48 sagardogileen 110 sagardo aurkeztu dira, 150 sagargileren sagarrekin eginak. Uzta txikia izan da kopuruz 2024koa, eta horrek izaera eta gorputz handiko sagardoak eman ditu orokorrean, ahoan luzeak eta lurrintsuak. Guztira, 2,3 milioi kilo bildu dira eta 1,3 milioi litro Euskal Sagardo egin ahal izan dira.

Baina sagardotegi eta sagardo bakoitzak ditu bere berezitasunak. Bide horretan, gauza bereziak merkaturatzen ari dira Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako sagardogileak azken urtetan: lursail jakineko sagardoak, sagar mota jakinekoak, ondutakoak, egurrean garatuak, eta abar. Aurreko urteetako bideari segiz, 2024ko uztan dibertsifikazio horretan garatzeko aukera izan du sektoreak eta produktu desberdin asko egin dira.

Jatorri-deitura urte askotako lanaren emaitza eta etorkizuneko apustua dela nabarmendu dute sustatzaileek. Erakunde publikoek eta sagar eta sagardo sektoreak elkarlanean osatzen dute Kontseilu Arautzailea eta etorkizunerako apustua. Euskal Sagardoa zigilua daramaten sagardoek bi ezaugarri nagusi dituzte: %100 bertako sagarrarekin eginak dira eta kalitate-bermea dute. Baina hirugarren ezaugarri bat ere badute, dibertsifikaziorako aukera zabaltzen ari direla. Horretan zeresan handia dute, sagasti berrien diseinuak eta merkatura egokitzen jarraitzeko sagardogileek duten interesak. Azken uzta hau eta datozenak interesgarriak izango dira dibertsifikazio horretan.

Topa! Gasteiz eta uzta Aurkezpena Araban

Gaur aurkeztu da 2024 uzta berria, botilan, Gasteizko Aihotz plazan, Topa! Gasteizeko ekitaldien barruan. Sagardo horiek orain artean txotxean dastatu ahal izan dituzte sagardotegietara joan direnek eta orain botilan merkaturatzen hasi dira sagardogileak. Euskal Sagardoa Jatorri Deitura 2016an sortu zen, eta ordutik ibilbide luzea egin du garapenean eta hobekuntzan, bai sagastietan, bai produktuaren kalitatean, bai ondorengo merkaturatzean. Gaurko ekitaldian, sagardo berriak aurkezteaz gain, Euskal Sagardoak biltzen dituen herrialdeei egin nahi izan zaie kinu bat, eta horregatik aurkeztu da lehen aldiz urte berria Gasteizen, Araba ere Jatorri Deiturako kide dela azaldu eta guztion arteko proiektu hau balorean jartzeko.

Komertzializazio bideak: retaila, ostalaritza, on-line eta salmenta zuzena

Euskal Sagardoak komertzializazio bideak indartzen egin du lan azken urteetan, bai linealetan, bai ostalaritzan eta baita salmenta zuzena eta on line salmentan ere. Garrantzitsua da sektore hauekin egin litekeen elkarlana, Jatorri Deitura duten sagardoak balorean jarri eta salmenta bultzatzeko. Aurreko urteetako bideari jarraikortasuna eman eta salmentak areagotzen jarraitzea da helburua. Horretarako komertzializazio bide bakoitzerako estrategiak garatzen ari da Euskal Sagardoa eta Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan ekintzak antolatzen.

Ostalaritza-sektorerako aurkezpen afaria

Topa! Gasteiz ekitaldien barruan, Euskal Sagardo aurkezpen afari bat egingo da gaur gauean, Gasteizko Karmine jatetxean. Parte hartzaileek jatorrizko deitura duten sagardoak dastatu ahal izango dituzte, sektoreko produktu berritzaileenak ikusi ahal izango dituzte, sagardotegietako dibertsifikazioa eta abar. Ekitaldi horrekin, Euskal Sagardoak urrats bat aurrera eman nahi du, Arabako ostalariek sektorea eta produktua ezagutu dezaten eta “izen eta abizenak” dituzten sagardo-kartak izatera anima daitezen.

Sagardo Eguna, larunbatean Matxete plazan

Topa! Gasteiz ekitaldien barruan Sagardo Eguna egingo da ekainaren 7an, larunbata, Aihotz plazan. Egun osoan zehar, Gipuzkoako eta Arabako 11 sagardotegiren sagardoa izango da berek zerbitzatua eta dastatze gidatuak egingo dira Mikel Garaizabalen eskutik. Musikak ere izango du bere lekua ekitaldian, Mendialdeko Gaiteroak eguerdiz eta La Txama taldea izango baita arratsaldez. Horrez gain, Eusko Label produktuen dastaketa ere izango da Txomin Parrillaren eskutik.

Honako sagardotegi hauek hartuko dute parte Aihotz plazan:

  • Altuna (Urnieta)
  • Añota (Azpeitia)
  • Etxeberria (Astigarraga)
  • Gurutzeta (Astigarraga)
  • Isastegi (Tolosa)
  • Iturrieta (Aramaio)
  • Kuartango (Kuartango)
  • Oiharte (Zerain)
  • Petritegi (Astigarraga)
  • Trebiñu (Askartza)
  • Zelaia (Hernani)

Egitaraua: Ekainaren 7a (11:30-14:30 / 17:00-21:00)

  • Euskal Sagardoa eta Eusko Label pintxoak (Basatxerri Xolomoburua pikilo saltsaz eta ajoarrieroa Euskaber arrautzarekin).
  • Kata azkarrak: 12:00, 13:00, 14:00 17:30, 18:30
  • Kontzertuak: 12:30 Mendialdeko Gaiteroak 19:00 La Txama.