– %100 bertako sagarra eta kalitate-bermea duten sagardoek lortuko dute sor-markaren zigilua.
– Aurrerantzean, kalitatezko bi marka publiko egongo dira merkatuan: Euskal Sagardoa eta Gorenak.
Euskal Sagardoa jatorri-deituraren marka irudi berria aurkeztu dute gaur, urtarrilak 9, Donostiako Kursaal Jauregian egindako prentsaurrekoan. Irudiak sagarra, egurra, lurra eta kirikoketa uztartzen ditu.
Euskal Sagardoa jatorri-deituraren koordinatzaile Unai Agirrerekin batera, prentsaurrekoan sor-marka sustatzen duten erakunde publikoetako ordezkariek parte hartu dute: Bittor Oroz (Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politika-ko Sailburuordea), Eduardo Aguinaco (Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Diputatua), Ainhoa Aizpuru (Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Oreka Diputatua) eta Lucia Isla (Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaria). Halaber, bertan egon dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sagargile eta sagardogile elkarte guztietako ordezkariak.
Jatorri-deitura urte askotako lanaren emaitza eta etorkizuneko apustua dela nabarmendu dute sustatzaileek, eta marka irudi berriaren sorrerak aurrerapauso handia suposatzen duela.
Eusko Label sagardoaren bideari lekukoa hartzen dio jatorri-deiturak, eta beste sagardotegi ugari ere batu dira bertan beren ekarpenak eginda. Izan ere, sektorearen apustu bateratua izango da jatorri-deitura, Euskadiko sagar eta sagardo sektoreko elkarte guztiek babestu eta bultzatu dutena.
Euskal Sagardoa zigilua eramango duten sagardoek bi ezaugarri nagusi izango dituzte: %100 bertako sagarrarekin eginak egongo dira eta kalitate-bermea izango dute. Dagoeneko kupeletan daude jatorri-deiturara bideratutako sagardoak eta izendapenaren zigilua duten lehen botilak udaberrian merkatuan egotea aurreikusten da. Guztira, jatorri-deiturara bideratuta 1.320.000 litro sagardo egin dira, Euskadiko produkzioaren %12 inguru.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sagar eta sagardogileen elkarte guztiak eta Eusko Jaurlaritza elkarrekin ari dira sagardoaren sektore sustatzeko lanean, eta horren emaitza da Euskal Sagardoa jatorri-deitura berria. Ez da, ordea, sektoreak eta erakundeek aurkeztu duten kalitatezko marka publiko bakarra. Izan ere, Gorenak marka publiko egin dute eta HAZI fundazioak kudeatuko du aurrerantzean.
Kalitatezko bi zigilu publiko eta ofizial
Hemendik aurrera, beraz, kalitate-bermea izango duten bi zigilu publiko eta ofizial egongo dira merkatuan:
- EUSKAL SAGARDOA jatorri-deitura: Bertako sagarra bakarrik erabiliz egindako sagardoa, eta kalitate-bermea duena. Eusko Label sagardoaren lekukoa hartuko du, azken urteetan prestatu eta azaldu bezalaxe. Kontseilu Arautzaileak kudeatuko du marka eta bertan sagargile eta sagardogile sektoreak eta administrazioek izango dute ordezkaritza.
- GORENAK: bertan egina han-hemengo sagarrak erabiliz, eta kalitate-bermea duena. Lehen dozena inguru sagardotegik erabili zezaketena, orain publikoa izango da; hau da, baldintzak betetzen dituzten sagardogile guztiek baliatu ahal izango dute. HAZI Fundazioak kudeatuko du marka, sektorearekin elkarlanean.
Euskal Sagardoa zein Gorenak marken kalitatea bermatzeko, HAZI Fundazioak ziurtatuko du prozesua. Panel Organoleptikoa, berriz, Fraisoro Laborategian pasako dute sagardoek. Botila-lote guzti-guztiek pasa behar dituzte kalitate-kontrolak.
ENAC erakunde akreditatuaren ziurtagiri ofiziala dute HAZI Fundazioak eta Fraisoro Laborategiak.
Eusko Jaurlaritzak HAZIren bitartez, bi marka ofizial hauek ziurtatzea berme bat da: merkatu lehiakor batean kontsumitzaileari kalitatezko produktuen hautua egiterakoan, segurtasuna eskaintzeko.