Skip to main content

Euskal Sagardoa jatorri-deiturak 2021eko uztako sagardoak aurkeztu ditu Guggenheim Bilbao Museoan

Euskal Sagardoa osatzen duten 49 sagardogileen Euskal Sagardo desberdinak aurkeztu dira, guztira 75 erreferentzia, denak %100 bertako sagarraz eginak eta kalitate-bermea dutenak.

“Sagardo orekatuak eta alkohol graduazio txikiagokoak” dira Kontseilu Arautzailearen arabera.

Datozen urteetarako helburu nagusietako bat izango da Euskadiko ostalaritza sektorean Euskal Sagardoa indartzea eta linealetan eta beste salmenta bideetan ere zabaltzen jarraitzea.

Iluntzean afari maridatua izango da, Guggenheimeko atrioan, Uzta berriko Euskal Sagardo desberdinak eta Nerua jatetxeak bertako produktuz prestatutako menua uztartuko dituena.

Euskal Sagardoa jatorri-deiturak 2021eko uztako sagardoa aurkeztu du gaur, ekainak13, Bilboko Guggenheim museoan.Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako49 sagardotegiek 75produktudesberdin aurkeztu dituzte. Izan ereuzta handia izan da 2021ekoa, Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban eta sagardogileek sagardo desberdinak egin ahal izateko baliatu dute. Orokorrean sagardo orekatuak eta alkohol graduazio txikixeagokoak dira.

Euskal Sagardoa jatorri-deituraren koordinatzaile Unai Agirrerekin batean, prentsaurrekoan jatorri-deitura sustatzen duten erakunde publikoetako ordezkariek parte hartu dute: Bittor Oroz (Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordea) Amaia Antxustegi (Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala zaintzeko Foru Diputatua); Xabier Arruti (Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Garapeneko Zuzendaria), Hector Sanchez (Bizkaiko Ostalaritza Elkarteko Gerentea), Oihana Gancerain, Euskal Sagardoa jatorri-deiturako presidentea; Jose Antonio Zamalloa, Ibon Aburuza eta Juanan Aretxaga,  Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako sagardogileak eta Euskal Sagardoa Jatorri-deiturako kideak; Felix San Sebastian sagargilea eta Euskal Sagardoa jatorri-deiturako zuzendaritzako kidea eta Amaia Zubeldia, Sagardoa Routeko koordinatzailea eta Euskal Sagardoa Jatorri-deiturako kidea. Halaber, bertan izan diraBizkaiko Ostalaritza Elkarteko ordezkariak,distribuzio kanaleko ordezkariak eta sagargile zein sagardogileak.

Euskal Sagardoa osatzen duten Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 49 sagardogileen 75 sagardo aurkeztu dira, 250 sagargileren sagarrekin eginak. Uzta handia izan da kopuruz 2021ekoa, guztira, 3,5 milioi litro Euskal Sagardo ekoiztu dira bertako 6 milioi kilo sagarrekin, iaz baino hiru aldiz gehiago.Sagardo lurrintsuak dira, freskoak eta iazkoak baino alkohol graduazio txikiagoa dutenak.

Baina sagardotegi eta sagardo bakoitzak ditu bere berezitasunak.Bide horretan, gauza bereziak merkaturatzen ari dira Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako sagardogileak: lursail jakineko sagardoak, sagar mota jakinekoak, kriantzakoak, egurrean paseak eta abar. Aurtengo uztak horrelako proposamen berriak egiteko aukera handia eskaini die sagardogileei, sagar aukera handia eta kalitatezkoa jaso baitute eta produktu guzti horiek merkaturatzeko aukera handia eman du aurtengo urteak.

Jatorri-deitura urte askotako lanaren emaitza eta etorkizuneko apustua dela nabarmendu dute sustatzaileek. Erakunde publikoek eta sagar eta sagardo sektoreak elkarlanean osatzen dute Kontseilu Arautzailea eta etorkizunerako apostua.Euskal Sagardoa zigilua daramaten sagardoek bi ezaugarri nagusi dituzte: %100 bertako sagarrarekin eginak dira eta kalitate-bermea dute. Baina hirugarren ezaugarri bat ere badute, dibertsifikaziorako aukera zabaltzen ari direla.

Azken bi urtetako ez ohiko egoeraren ondoren, sagardo sektorea etorkizunerako pausoak ematen ari da. Linealetan sagardoaren presentzia eta posizionamendua hobetzeko lanean jarraitzen du, eta horrez gain ostalaritzarekin ere lanean hasi da kontseilu Arautzailea buru belarri. Taberna, jatetxe, elkarte eta abarretan Euskal Sagardoak presentzia handitzea izango da helburua eta horretarako Euskal Sagardo kartak egiteko aukera, materiala izateko aukera eta formazioa eskainiko ditu Kontseilu Arautzaileak, egingo dituen ekitaldiekin batean.

Guggenheim museoan afari maridatua

Euskal Sagardoa eta Nerua jatetxeak prestatutako menuarekin afari maridatua eskainiko du gaur gauean Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak Guggenheim museoan, eta bertan 2021 uztako sagardo desberdinak dastatu ahal izango dira. Horrez gain,  sektorearen apustuaren eta etorkizuneko erronken berri izateko aukera izango dute bertaratuek. Ostalaritza munduko ordezkari, banatzaile eta elkarteez gain, instituzioetako ordezkariak, komunikabideetakoak eta nola ez, sagar eta sagardo mundukoak izango dira bertan. Mikel Garaizabal enologo sumillerrak gidatuko du afaria, jatorri deiturako ordezkariekin batean.

Sagardotegi Denboraldi berezia

Sagardogile guztiekin argazkia aterata ekin zitzaion 2022ko sagardotegi denboraldiari “sagardotegi denboraldia, merezi dugulako” lemarekin. Izan ere, azken bi urte zailen ondoren, normaltasunera bueltatzeko beharra zuten, bai bezeroek eta baita sagardogileek ere. 2022ko denboraldia ere ezohikoa izan da, ezin izan baitzen otsaila erdialdera arte txotxik egin. Aurtengo denboraldia ere, sagardo berria botila garden eta pitxarretan dastatuz hasi zuten bezeroek eta otsaila erditik aurrera, izan da zutitu eta txotxetik dastatzeko aukera.

2021arekin alderatuta, sagardogileek lanerako aukera gehiago izan dute eta bataz beste % 25 handitu dira sagardotegien erreserbak iaztik aurtengora. Irteera, dastatze eta bisita gidatuen inguruan, iazko urte osoko erreserba datuak gainditu ditugu dagoeneko Sagardotegi Denboraldian. Nabarmentzekoa da garai honetan dastatze gidatuek izan duten eskari kopurua. Lehenengoz sektoreak halakoak eskaini ditu eta hurrengo urteetan ere bide hori indartzen joango dela.

Bezeroen kontsumo ohiturei dagokienean, azpimarratzekoa da joera aldaketa: eguerdiko zerbitzuak igo dira, eta gauetako zerbitzuak jaitsi.

Datu hauekin sektoreak positiboki baloratzen du 2022ko denboraldia eta hurrengo urteetarako ere eskaintza egokitzen joango dira bezeroek urtero – urtero sagardo berria dasta dezaten eta sagardoak eskaintzen duen aukera guztia gozatu eta baliatu dezaten, sagardoak eskatzen duenbegirunearekinbeti ere.

Udako esperientziak, ostalaritzan eta sagardotegietan

Sagardoa Route – Euskal Sagardoaren Ibilbidea da, sagardoaren eta sagardotegiaren inguruko eskaintza garatu eta promozionatzen dituena. Euskal Sagardoaren dastatze gidatuak, Sagardotegietan bisitak, kirol eta kultur ekintzak… antolatzen ditu Sagardoa Routek eta udarari begira agenda betea du. Aurtendik aurrera ostalaritzako taberna eta jatetxeak ere eskaintza horretan sartzeko lanean ari da Sagardoa Route, Euskal Sagardoa jatorri deituraren eskutik beti ere. Euskal Sagardoaren aldeko apostua egin nahi duten establezimenduetan ekintzak eta jarduerak sortzea da helburua, Euskal Sagardoaren kultura zabaldu eta jendeari Euskal Sagardoarekin gozatzeko aukerak eskaintzeko. Informazio eta eskaintza osoa sagardoa.eus webgunean ikus liteke.