Skip to main content

Txotx denboraldia, bertako plazerra!

Euskal Sagardoaren barruan 1,3 milioi litro egin dituzte 46 sagardotegiek, bertako 250 sagastietako 2 milioi kilo sagar erabilita. Uzta txikia izan da 2023koarekin alderatuta.

Jatorri Deitura Euskal Herri osora zabaltzeko bidean pauso bat gehiago eman du sektoreak eta Euroeskualdeko laguntza izango du datozen 18 hilabeteetan sagarraren, sagardoaren eta sagardotegiaren Plan Estrategikoari gorputza emateko, Malus Bat izenpean.

2025ko sagardotegi denboraldia aurkeztu du gaur Sagardo sektoreak Donostiako Konstituzio Plazan. Bertan Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagardogileez gain, Nafarroa eta Iparraldekoak ere izan dira. Horrenbestez, Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren barruan, herrialde guztietako sagar eta sagardo sektoreak bateratzeko egiten ari den lana irudikatu eta azaldu nahi izan da eta horretarako herrialde guztietako ordezkariek hartu dute parte.  Herrialde bakoitzeko sagardoa zuen kupel bana zabaldu da, jendeak dastatu ahal izateko. Izan ere, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabak osatzen duten Euskal Sagardoa Iparraldera zabaltzeko bidea martxan da eta behin hori lortuta, Nafarroa sartzeko konpromisoa ere lotua dago.

Sagardo denboraldiak hainbat irekiera ekitaldi izaten ditu herri eta eskualde desberdinetan. Horien guztien aurretik aurkezpen bateratu bat egitea adostu du Euskal Herriko sagardo sektoreak Euskal Sagardoaren eskutik, datu orokorrak eta sektorearen apustuaren berri guztiek batera emateko.

Txotx denboraldia garai berezia da, sagardozaleei eta bezero guztiei sagardoaz gozatzeko aukera berezi bat eskaintzen dielako, sagardo berriak dastatu eta konpartitzeko, lagun artean, urteko sasoi batekin lotua eta gure egutegian markatzen duguna. Sagardo berriak ezagutu eta bereiztasunen inguruan sagardogileekin hitz egiteko aukera izango dugu kupeltegian, uzta berria nolakoa datorren ezagutu eta gozatzeko.

Bertako plazerra da sagardoa, eta txotxean ere hori dastatu ahal izango dugu. Sagardotegi denboraldia da, gainera, sagardotegiek bisitari gehien jasotzen duten urte sasoia. Horregatik, hainbat berrikuntza txertatzen ari da sagardo sektorea azken urteotan bisitan datorren bezeroari balio erantsi bat eskaintzeko.

Sagardo berria aurkezteko hainbat ekitaldi izango dira datozen egunetan:

URTARRILAK 15, ASTEAZKENA:

  • Sagardun Patzuergoak antolatuta Astigarragan Txotx Berri eguna 12:00etan. Ondoren Alorrenea Sagardotegian sagardo berria dastatzeko irekiera ekitaldia.

URTARRILAK 16, OSTEGUNA:

  • Goierriko Sagardotegien irekiera Ordiziako Tximista Sagardotegian goizeko 11:00etan.
  • Arabako Sagardotegien irekiera Aramaioko Iturrieta Sagardotegian eguerdiko 12:00etan.
  • Usurbilen Saizar Sagardotegian irekiera iluntzeko 19:00etan.

URTARRILAK 17, OSTIRALA:

  • Nafarroako Sagardotegien irekiera Madozko Perkatzenea Sagardotegian.

URTARRILAK 22, ASTEAZKENA:

  • Urnietako Sagardotegien irekiera Oianume Sagardotegian, eguerdiko 13:00ean.

Sagardotegiek badute bereizgarri garrantzitsu bat: beraiek dira dastatzera ematen den produktuaren ekoizleak. Ostalaritzatik haratago, sagardotegiak sagardoaren topagune ditugu, eta etorkizuna bide horretatik lantzeko aukera ikusten dute. Hori dela eta, sagardotegira gerturatzen den bezeroak bertako ekoizle baten etxera egingo du bisita, bertako lurretik bizi den familia baten etxera.

Sagarra da sagardo munduaren oinarria eta haria. Sagarra da sagardogilearen lehen langaia, eta sagardo ekoizpena honen ondorioa. Hori dela eta, sagarraren garrantzia azpimarratu nahi izan dugu denboraldi honetan ere, sagarraren izaerak gorpuzten baitu sagardo bakoitza. Euskal Herriko sagardogintza egiten ari den lan eta aldaketa guztiaren oinarri nagusia da bertako sagarra izan ere, sagasti berriek aukera bereziak zabaltzen dizkiote sektoreari, sagarrak motaz mota bildu eta tolarera eramateko aukera, dibertsifikatzeko aukera, eta sagastietan lan eginda kalitate handiko lehengaia lortzeko aukera.

Euskal Sagardoaren Ibilbidea: Sagardotegiaz gozatzeko hainbat bide eta modu

Sagardotegietan otorduaz aparte hainbat ekintza egiteko aukera dugu. Iazko denboraldian hasita, hainbat sagardotegitan BISITA MOTZA edo DASTATZE GIDATUA egiteko aukera izango da otorduaren aurretik: lagunartean, taldean… euskal sagardoaz beste modu batera gozatzeko aukera ezin hobea da. Egun dugun eskaintza lantzen eta indartzen egingo ditugu hurrengo 18 hilabeteak ere MALUS BAT proiektuaren barruan, Sagardotegiaren eskaintza kulturala eta turistikoa landu eta gure bisitariei aukera berriak eskaini ahal izateko lurralde osoan zehar.

Egun, lagunartean zein familia giroan egiten dugu sagardotegira bisita. Hori dela eta, dastatze gidatuez gain beste hainbat bisita egiteko aukera ere ematen diogu bezeroari Ibilbidearen eskaintzaren barruan: Bisita gidatuak, sagardogintza tailerrak, Albaola faktorian bisita, gaztandegian bisita, erlezaintza, Igartubeiti baserri museoa… bakoitzak nahi duen. Denak eskuragarri ondorengo esteka honetan: https://www.sagardoa.eus/eu/103-irteerak

Sagardotegien bilatzailea: sagardoa.eus-en berrikuntza

Berrikuntza dugu bilatzaile hau. Atarian bertan aurki daiteke eta gure beharren araberako bilaketa egiten laguntzen digu. Sagardotegian automatikoki mahaia erreserbatzeko aukera ere ematen du sagardoa.eus webguneak: sagardotegia aukeratu, mahaikide kopurua jarri, aurrerapena ordaindu eta klik batean mahaia erreserbatuta gelditzen da! Deirik egin edo emailik bidali gabe. Sistema honek joan den urteotan arrakasta handia izan du gure bezeroen artean, eta aurten ere sagardotegi gehiago automatikoki erreserbatzeko aukera izango da!

Sagardoa etxean: behar duguna errazten duten qr kodeak sagardotegitan

Horretaz gain, bezeroari erraztasunak emate aldera, Euskal Sagardoen online denda eta Sagardotegietan otordu-erreserba egiteko sistema ere martxan ditugu sektorean. Online dendaren bereizgarri nagusia sagardo desberdinak eskaera bakarrean konbinatzeko aukera da: ehunetik gora sagardo ditugu dendan, jendeak eskatu eta etxean jaso ahal izango dituenak.

Uzta txikiagoa eta izaera handikoa

2024ko uzta aurrekoa baina txikiagoa izan da kopuruz. 2023 urtean uzta handia izanda 2024an txikiagoa espero zitekeen; eta aurreko neguko hotz eskasiak are eta txikiagoa eragin dute. Aurreko urtearekin alderatuta %60 sagar gutxiago izan da Euskal Herriko sagastietan, lurraldez lurralde eta zonaldez zonalde aldeak izan badirela ere. Kopuru murritzagoa izanda, izaera handiagoko sagarra etorri da eta beraz izaera handiagoko Euskal Sagardoak izango dira aurten sagardotegirik gehienetan, gorputz eta kolore aldetik.

  • Euskal Sagardoa Jatorri Izendapenaren egiaztapenarekin ekoiztu den sagardo litro kopurua, 1.300.000 litro ingurukoa izan da 2024 uztan.
  • Euskal Sagardoa egiten duten sagardotegiak 46 dira: Arabarrak  1, Bizkaitarrak 3 eta Gipuzkoan 42.
  • Euskal Sagardorako sagarra egiten duten sagargileak 250 dira eta guztira ia 500 hektarea erabiltzen dira horretarako. 2024an 2 milioi kilo pasa sagar bildu dira Euskal Sagardorako.
  • 2025ean dastatuko dugun sagardoaren ezaugarriak. Uzta txikia izan da kopuruan eta izaera handikoa. Beraz, kolore eta gorputz gehiagokoak izango dira orokorrean, luzera bilakaera oso ona izango duten sagardoak gehienak.
  • Iparraldeko sagardogileak 2025eko uztan Euskal Sagardoan sartuta egotea espero da eta Nafarroakoak ondoren.

Azken urteetako bidea jarraituta, Euskal Sagardo desberdinak izango ditugu merkatuan: kapsula gorri eta doratukoak batetik, baina sagar mota jakinez eginak, sagasti bakarreko sagarrez eginak, egurrean onduak, apardunak, izotzezkoak eta suzkoak… aukera geroz eta zabalagoa aurkitu ahal izango du kontsumitzaileak merkatuan eta kalitate geroz eta handiagoa. Izan ere bertako sagarrean egiten ari den lan guztia nabarmentzen da Euskal Sagardoan ondorenean. Eta lan guzti hori ezagutu eta gozatzeko aukera ezin hobea da Txotx deboraldia, Bertako Plazerra. On egin!