Skip to main content

2019ko uztan ekoiztutako sagardoa dagoeneko kupeletan prest dago eta 2020ko txotx denboraldia martxan da Euskal Herriko sagardotegietan datorren maiatzera arte. Uzta handia izan da kopuruan 2019koa, guztira, 3 milioi litro Euskal Sagardo ekoiztu dira bertako 5 milioi kilo sagarrekin. Sagardo lurrintsu eta orekatuak lortu dira, iazkoarekin alderatuta arinagoak ahoan eta alkohol graduazio baxuagokoak orokorrean.

Euskal Sagardoak 48 sagardotegi, 250 sagar ekoizle eta 115 sagar mota biltzen ditu eta sagardo bakoitzak izango du bere ukitua eta ezaugarria, uztak orokorrean ezaugarri horiek markatu baditu ere. Euskal Sagardoak bertako sagar hutsez lan egiteaz gain, kalitate bermea jartzen die bere sagardo guztiei, baina etxe bakoitzak zehazten du bere sagardoa eta honen izaera. Bide horretan pauso handiak ari da ematen sektorea eta Euskal Sagardo desberdinak dastatzeko aukera izango da aurten ere: edan errazak, konplexuagoak, gorputz eta izaera handikoak,…

Euskal Sagardoak sagastien profesionalizazioan, sagardoaren kalitatean eta berrikuntzan eta beste hainbat alorretan egin du lan azken urteetan, eta bide hori landu beharra dago deskantsurik gabe etorkizunean ere. Baina horrez gain, merkaturatzean ere ari da buru belarri lanean. Lehen urte hauetan linealetan horrelako kalitatezko produktu batek beharko lukeen posizionamendua lantzen egin du lan eta horretan jarraitzeko asmoa du datozen urteetan ere.

Horrez gain, ostalaritzan ere presentzia handiagoa izateko lan egingo du datozen urtetan Kontseilu Arautzaileak eta 2020an hori izango da helburu nagusietako bat. Euskal Sagardoak beharko duen lekua izatea nahi da jatetxe, taberna eta elkarte gastronomikoetan, Euskal Sagardo bakoitzaren ezaugarriak azalduko dituen kartak sortzea eta ostalari, sommelier eta arduradunak formatzen joatea. Bide horretan lehen pausoak emanak dira dagoeneko eta indar handia jarriko da aurtengo urtean norabide horretan. 

Gainera, kontsumitzaileari begira ere egingo dira hainbat ekintza; Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban bereziki, baina baita Euskal Herriko beste hainbat lurraldetan edo Euskal Herritik kanpora ere. Sagardoa ezagutzera ematea, gozatzea eta balioan jartzea da Euskal Sagardoak kontsumitzaileari eskainiko diona.