Skip to main content

2018ko uztan ekoiztutako sagardoa dagoeneko kupeletan prest dago eta 2019ko txotx denboraldia martxan da Euskal Herriko sagardotegietan datorren maiatza arte. Guztira, 1,5 milioi litro sagardo ekoiztu dira bertako sagarrarekin, eta 50 sagardogilek egin dute Euskal Sagardora bideratutako sagardoa: hain zuzen ere, Gipuzkoako 43k, Bizkaiako bostek eta Arabako bik.

Aurtengo sagardoa izaera handikoa da, gorputz eta kolorean, eta txinparta ederra eta usaintsua du, eta iazko zifra emankorrak lortu ez diren arren (iaz 4 milioi litro sagardo ekoiztu ziren), 250 sagardogilek hornitu dute Euskal Sagardoa, 500 hektarea landuz 115 sagar mota sagardogileei eskainiz. Guzti horietatik 24 izan dira hobetsiak Euskal Sagardoa Jatorri Deiturara bideratzeko.

Izan ere, azpimarratu beharrekoa da Euskal Sagardoaren sagartxoa duten kupelak %100 bertako sagarrarekin egindako sagardoz beteta daudela, baina txotx denboraldia pasa ondoren bideratuko dira Euskal Sagardoa izatera. Hala, behin denboraldia amaituta, kalitate kontrol zorrotzak pasa beharko ditu Fraisoro laborategian, eta prozesu guztia Hazi Fundazioak egiaztatuko du. Modu honetan, kontrol horiek pasatu ondoren botilaratuko dira Euskal Sagardoa bezala.