Skip to main content

– Azken urteetako uztarik emankorrena izango da 2017koa, herrialde guztietan sagar asko baita eta 10 milioi kilotik gora batzea espero da. 

– Uzta aurreratua dator azken urteekin alderatuta eta zenbait sagastietan hasiak dira sagarra biltzen. 

Euskal Sagardoa Jatorri Deitura bigarren uztaren aurrean da, eta sektoreko teknikariek diotenez “historikoa” izango da kopuruan eta aurreratua heldutasunari dagokionean.

Zenbait sagastitan hasiak dira lehenengo sagarrak biltzen, eta irailean eta urriko lehen asteetan biltzeko moduan izango dira sagarrik gehienak, oso beranduko zenbait sagar mota ez beste.

Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagastiak eta sagardogileak biltzen ditu eta beraz, tokiaren eta sagar moten arabera aldea izan liteke heldutasunean, baina orokorrean leku gehienetan dator uzta aurreratua aurreko urteekin alderatuta.

Kopuruz, sagar asko dute sagarrondoek aurten eta azken asteetako euriek izugarri handitu dute alea. Hori dela eta aurreikusi liteke 10 milioi kilo baino gehiago izango direla aurten Euskal Herrian sagardo sagarrean.

Hala ere, Euskal Sagardora bideratutako sagarrak Kontseilu Arautzaileak zehaztutako kalitate baldintzak bete behar ditu eta sagastiek Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako Kontseilu Arautzailean izena emanda egon behar dute. Oraindik goizegi da Euskal Sagardoa Jatorri Deitura marka pean zenbat sagardo egingo den zehazteko, tolareak martxan baitaude.

Euskal Sagardoa Kontseilu Arautzailean Euskadiko Sagargileen eta Sagardogileen Elkarte guztiek dute ordezkaritza eta helburu nagusitzat markatu dute bai Euskal Sagardoari eta bai Euskal Sagardoa egiteko Sagarrari balio handitzen joatea, sektore jasangarri bat indartu eta etorkizunerako oinarriak sendo jartzeko.