Skip to main content

Euskal Sagardoa protagonista izan zen joan den astean egin zen Madrilgo FITUR 2017 azokan. Basquetourren standa sagardotegi bihurtu eta txotx egiteko aukera izan zuten bertara hurbildu zirenek. Ilara luzea egin zen! Horrela, Basquetourrek egindako gonbitari eutsiz, Sagardoaren Lurraldeak eta Sagardoaren Ibilbideak lau sagardo kata eskaini zituen larunbatean, urtarrilaren 21ean. Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko Olatz Mitxelenak FITUR-en gertatutakoen berri eman dizkigu.

-FITUR-etik itzuli berri, nola joan da esperientzia? Zein da zuen balorazioa?

Esperientzia ona izan da. FITUR-en handitasunean ere gure sagardoa bertan egotea interesgarria da, dudarik gabe. Interesgarria da bi arrazoi nagusigatik: batetik, gure lurraldera begira jarrita eta kontutan izanda Basquetour dela Euskadi-Basque Country markapean bertako turismoaren kudeatzaile nagusia, sagardoa, sagardoaren kultura eta sagardotegia begiz jo eta eskaintza turistikoan estrategiko jotzeko. Bestetik, kanpora begira jarrita, sagardoa, sagardoaren kultura eta sagardotegia bertako bisitariei azaldu eta erakusteaz gain, bizi ahal izan dutelako.

– Zein ekintza eraman dituzue aurrera azokaren baitan?

Basquetourren standa sagardotegi bihurtu eta txotx egiteko aukera izan zuten bertara hurbildu zirenek. Giro ederra sortu zen! Gainera, Euskal Sagardoa jatorri-deitura berriaren alde sektoreak egin duen apustuaren berri izan zuten, Eusko Labelaren bilakaera jatorri-deitura berrira eta baita Gorenak kalitate ziurtagiria publiko egiteko bidearen berri ere. Harrera ona izan zuen azaldutakoak.

– Zenbatekoa da estatuko turismo arloko sektoreak euskal sagardoaz duen ezagutza?

Gora doa, duda gabe. Gainontzean, ez lukete FITUR-en bertan sagardotegi itxurako taberna bat egingo. Ezinbestekoa da turismo arloak sagardoaren kultura eta sagardotegia erakargarri turistiko gisara ulertzea.

– Zenbatekoa izan daiteke Euskal Sagardoa jatorri-deituraren garrantzia Euskadiko turismoaren sektorean?

Forma eman behar zaio oraindik. Sagardotegien eskaintzan eta esperientzian indargune bat gehiago den neurrian, interesgarria izango da Euskadiko turismoarentzat  Euskal Sagardoa jatorri-deitura.